→Galdakao

Enplegua, gastu soziala eta zerbitzu publikoak, Galdakaoko kontuen ardatz

galdakao 2012 herritarrak kalea

Udalak aurtengo aurrekontua onartu du EAJren eta PSEren aldeko botoekin. 32 milioi euroko aurrekontua da, iaz baino 300.000 euro gutxiago.

Udalak 2017ko ekitaldiko aurrekontua onartu du abenduaren 30ean ospatutako ezohiko Osoko Bilkuran. Guztira, 32.375.158 euroko aurrekontua izango du Udalak, iaz baino %1 gutxiago (346.272 euro gutxiago).

Kontu hauek udal gobernu taldearen aldeko botoekin onartu dira (EAJ eta PSE). EH Bilduk, Galdakao Orainek eta Irabazik kontrako botoa eman dute, eta UH eta PP abstenitu egin dira. “Aurrekontu-proiektu honek garrantzi berezia ematen dio zerbitzu publikoak kalitatez eskaintzen jarraitzeari, gastu soziala handituz eta enplegua sortzeko eta ekonomia sustatzeko neurriak indartuz”, dio Iñigo Bilbao Ogasun eta Ondareko zinegotziak.

Era berean, jarduera hauek aurreikusi dituzte: Elexaldeko igerilekuak berritzea, Antenna proiektuaren lehen harria jartzea, Aperribaiko sarbide mekanikoak sustatzea -Pontzi Zabalan oraindik egiteko dauden faseak ahaztu gabe- , Eperlandako zentro artistikoa errealitate bihurtzea, ludoteka-sarea osatzea, berdeguneak berreskuratzea eta aparkatzeko eremuak hobetzea.

Talde politikoen zuzenketak

Oposizioko talde politikoek zuzenketak eta proposamenak egiteko aukera izan dute. Horiek horrela, aurrekontuan alderdi popularrak aurkeztutako bi zuzenketa onartu dituzte: udalerriko argi-sisteman energia-efizentzia hobetzea eta Lapurdi kalean kirol-eremu ireki bat sustatzea.

EH Bildu, Galdakao Orain eta Irabazi taldeek ere zuzenketak egin dituzte -propioak zein bateratuak-, baina ez dituzte onartu. Besteak beste, proposamen bateratu hauek eman dituzte: udal errentako etxe politika ezartzea udal gobernu taldeak gaur egun daraman etxebizitza librearen ereduaren aldean, zerbitzuak berriro udal zerbitzu izatea EAJren eta PSEren azpikontratazioaren ereduaren aldean, eta auzoen irisgarritasunaren eta mugikortasunaren berehalako hobekuntza.

Proiektu jarraitua da aurkeztu digutena, aurrekoaren kalkoa. Horrez gain, herrian inbertitzeko diru kopurua nahikotsu gutxitu dute”, diote oposizioan lanean dauden EH Bildu, Galdakao Orain eta Irabazi taldeen ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak