→Galdakao

Bego Orrantia: “Galdakaok berezko izaera galdu du, baina gure bizimoduak hoberantz egin du”

galdakao bego orrantia 2017 emakumeen berbak

Hamahiru emakume galdakoztarren testigantzak jasotzen ditu Emakumeen Berbak dokumentalak. Herriaren bilakaera azaltzen dute gizarte eta genero ikuspuntutik.

Hamahiru emakume galdakoztarren testigantzak jasotzen ditu Emakumeen Berbak dokumentalak. Herriaren bilakaera azaltzen dute gizarte eta genero ikuspuntutik

Emakumeen ikuspuntutik Galdakaok izan duen bilakaera bildu dute dokumental batean: ‘Galdakaoko emakumeen berbak’. Udalerriko hamahiru emakumek hartu dute parte dokumentalean: Mila Abarrategi, Itziar Barrenetxea, Marisa Celaá, Conchita Irazabal, Itziar Isasi, Pili Moreno, Dolores Nogueiras, Begoña Orrantia, Eulalia Pérez, Agurtzane Yurrebaso, Lourdes Yurrebaso, Edurne Zarandona eta Amaya Zenarutzabeitia.

Martxoaren 22an aurkeztu zuten Torrezabalen eta tarte batean Begoña Orrantiarekin izan ginen.

Dokumentalean Galdakaoren bilakaerari buruz hausnarketa egiten duzue. Zein izan da zure ikuspegia? 

Nire ustez, Galdakaok bere benetako izaera galdu egin du. Lehen ez zegoen herrigunerik: etxeak eta baserriak ziren nagusi. Polita eta berezia zen hori. Gaur egun, herri bat zein bestea ikusi, berdinak dira. Ez daukate esentzia berezirik.

Eta, bizimoduaren aldetik galdetuko banizu?

Bizimoduak modu positiboan egin du gora, hoberantz. Gerra ostekoa naiz ni eta garai hartako bizimodua tristea zen. Orain, berriz, egoera bestelakoa da eta hobeto bizi gara.

Zer botatzen duzu faltan gaur egun, lehen modu zuzenean eduki zenezakeena?

Lehen herritar denak ginen familia antzeko bat, lagunak. Biztanleriak ere gora egin du eta denak lagunak izatea ezinezkoa litzateke gaur egun. Baina hori da gehien faltan botatzen dudana: auzotarren arteko adiskidetasuna. Dena dela, Galdakao herri oso atsegina da guztiz eta kaleko giroa ere ona da.

Eta, kontran, zer da Galdakaok irabazi duena?

Adibidez, kultura sustatzeko guneak. Torrezabal Kultur Etxea, kasu. Era berean, harremanak estutzeko eremuek ere gora egin dute. Esate baterako, tabernak, plazak eta berdeguneak.

Frankismo garaia ere aipatzen duzue dokumentalean.

Bai. Nola Francoren garaian euskara hitz egitea debekatu ziguten, adibidez. Eta ez bakarrik eskolan, gure egunerokotasunean ere bai. Nola ezinezkoa geneukan gure txikiei euskal izenak jartzea, dena erdaraz izan behar zuen.

Nola ikusi duzu zure burua dokumentalean?

Oso ondo. Lan handia egin dute eta ni gustura nago emaitzarekin. Galdakao bertako hamahiru emakume agertzen gara eta hori betiko gordeko da herritarrentzako, ikus dezaten Galdakao nola aldatu den eta gure gizartea nola moldatu den.


Argazkian Bego Orrantia, Galdakaoko Emakumeen Berbak dokumentalean :: Galdakaoko Udala
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak