→Galdakao

Booktuber fenomenoa Galdakaora itzuliko da bigarren urtez

galdakao booktube lehiaketa 2015 sari banaketa

Iaz 200 ikaslek parte hartu zuten eta 50 lan aurkeztu zituzten lehiaketara. Aurten lanak bidaltzeko epea zabalik egongo da azaroaren 21etik 28ra

Galdakaoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak Galdakaoko Booktuber lehiaketa antolatu dute bigarren urtez jarraian. Ekimena aintzindaria izan da, euskarazko lehen Booktube lehiaketa sortu zutelako iaz. Non eta Galdakaon.

Joan den urtean 200 ikasle inguruk parte hartu zuten eta azkenean lehiaketara 50 lan aurkeztu zituzten. Bengoetxe eta Elexalde eskoletako eta Eguzkibegi ikastolako 12 eta 16 urte arteko ikasleek parte hartu zuten iaz eta aurten ere parte hartuko dute.

Irakurketa eta Youtube

Booktuber fenomeno honek irakurketa eta teknologia berriak uztartzea du helburu. Parte hartzaileek Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburuetako bat irakurri eta ondoren gutxienez bi minutuko erreseina digitala grabatu beharko dute bideoz (bakarka zein binaka).

Booktubea grabatu eta gero, Youtube atarian argitaratu beharko dute, parte hartze inprimakia bete eta booktube@galtzagorri.org helbide elektronikora bidali. Lanak bidaltzeko epea zabalik egongo da azaroaren 21etik 28ra.

Abenduan, Liburu Azoka

Galdakaoko Liburu Azoka abenduan ospatuko da eta bertan Booktube lehiaketaren sari-banaketa egingo du Udalak. Lehenengo saria bi mailatan banatuta egongo da: batetik, DBH 1. eta 2. mailak eta, bestetik, DBH 3. eta 4. mailak. Irabazle bakoitzak ebook bat jasoko du sari gisa.

Era berean, ikastetxe bakoitzeko partaideek euren eskolako Booktube onenaren saria jasoko dute: selfie makila eta 30 euroko bonoa Galdakaoko Liburu Azokan bertan gastatzeko.

Gora