→Galdakao

Haur-jolas eta ostalaritza-zerbitzu berriak izango ditu Elexaldeko igerilekuak

galdakao elexalde igerilekuak 2017 joko berriak

Ekainaren 15ean irekiko dituzte Elexaldeko estali gabeko igerilekuak eta irailaren 15era arte mantenduko dituzte zabalik, astelehenetik igandera.

Ekainaren 15ean irekiko dituzte Elexaldeko estali gabeko igerilekuak eta irailaren 15era arte mantenduko dituzte zabalik, astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara. Aurten gainera, berrikuntza batzuk izango ditu: haurrentzako jolasak, ostalaritza zerbitzua eta gerizpea dagoen eremuaren sorrera (oraindik ere obretan). Hobekuntza hauetan 160.000 euroko inbertsioa egin du Udalak.

Jolasgune berriak 207 metro koadroko azalera dauka eta elementu irisgarriak ipini dituzte: “Balio ludiko handikoak dira elementuok eta etxeko txikiek erabiltzeaz gain, familia osoak erabili ahal izango ditu“, dio Aintzane Urkiza Lan eta Zerbitzu saileko zinegotziak.

Era berean, eskaera zabalari erantzunez, kiosko batek ostalaritza-zerbitzua eskainiko du. Bertan izozkiak, pizzak, mokadutxoak eta freskagarriak egongo dira salgai.

30.000 SARBIDE IAZ

Elexaldeko igerilekuak iaz 30.000 sarbide erregistratu zituen. Hala adierazi du Koldo Goioaga Kirol saileko zinegotziak: “Gainera, kontuan izan behar dugu 8.500 bazkide inguru direla udal instalazioak erabiltzen dituztenak“.

Igerilekuetako sarreren prezioari dagokionez, abonatuta ez dauden 4 eta 16 urte bitarteko herritarrek 2,10 euro eta 17 urtetik gorakoek 3,10 euro ordaindu behar dituzte. Galdakaoko udal instalazioetan abonatuta daudenek sarrera doakoa dute. Beste nobedade bat da sarrera batek erabilera gehiago izango dituela egun berean (aurreko urteetan instalazioetik irteten bazinen, berriro sartzeko ordaindu behar zuten erabiltzaileek).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak