→Galdakao

Eternal Running lasterketa hirugarrenez helduko da Galdakaora

galdakao eternal running 2016 lasterketa 13

Urriaren 8an ospatuko da hirugarrenez Eternal Running lasterketa Galdakaon. Izena emateko epea zabalik dago eta galdakoztarrek abantailak izango dituzte.

Iaz 4.000 partaide bildu zituen probak // Geuria

Urriaren 8an, igandez, 11:00etan hasita (14:00ak arte) ospatuko da hirugarren urtez jarraian Eternal Running Garaiezina Galdakaon (10 kilometro). Kirola eta ikuskizuna uztartzen dituen ekintza da eta parte hartzaileen alde borrokalaria sustatzen du. Probak oztopo ugari ditu eta hori da, hain zuzen, jardueraren bereizgarririk handiena: lastozko kamioiak, txirrista menderaezina, amarehuna, irristagailua, aparraren gunea eta puzgarri zoroak dira oztopo-lasterketa honen ohikoak, besteak beste.

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, zortzi oztopo berri izango ditu probak. “Esate baterako, zikloia, harea iraulkorra eta helikopteroa“, dio Ruben Lopez Eternal Runninneko zuzendariak: “Ez dugu gehiagorik aurreratuko, gure asmoa baita partaideek sorpresak eta ezustekoak lasterketan zehar aurkitzea“.

Lasterketa puntuagarria da Eternal Running Munduko Zirkuituan. Gainera, mozorrorik onenak ere saria jasoko du. “Sari orokorrez gain, aurten bi pertsonentzako Parisen egonaldia zozketatuko dugu parte hartzaileen artean“, dio Lopezek: “Eta denek egurrezko domina jasoko dute lasterketa bukatzerakoan“.

Aurreneko edizioan 5.713 garaiezinek lortu zuten ibilbide osoa egitea (Bideoa eta argazkiak) eta iaz 4.000 partaide inguru izan zituen (Argazkiak).

Izena emateko epea zabalik

Internet bidez izena emateko epea dagoeneko zabalik dago (urriaren 6ra arte). Partaideek 30 euro ordaindu beharko dituzte. Prezioaren barne daude: kamiseta teknikoa, egurrezko domina partaide bakoitzarentzako, paella, dutxa zerbitzua eta zozketa.

Era berean, aurreko urteetan egin izan duten bezala, Galdakaon bizi direnek abantaila izango dute: proban parte hartu nahi duten galdakoztarrek Urreta kiroldegian eman dezakete izena abuztuaren 28tik urriaren 5era bitartean, 09:00etatik 17:00etara, eta 20 euro ordaindu beharko dituzte. Inskripzioarekin batera errolda-ziurtagiria edo Udalaren kirol instalazioetako abonatu-txartela aurkeztu beharko dute galdakoztarrek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak