→Galdakao

Uzbekistango, Ekuadorko eta Euskal Herriko dantzak ikusgai, Folklore Bizian jaialdian

Uztailaren 17tik 19ra bitartean izango da Folklore Bizian jaialdia Galdakaon eta Usansolon. Aurten Uzbekistango Sabo, Ekuadorko Somos cultura viva, Galdakaoko Andra Mari eta Usansoloko Oinarin taldeak arituko dira. Folklore Bizian jaialdiari hasiera emateko kalejirak egingo dituzte gaurtik aurrera, “batez ere, jendea hurbilarazteko eta kaleak girotzeko”, diote antolakuntzatik.

Folklore Bizian jaialdia Andra Mari Dantza Taldeak antolatzen du, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Atzo bertan harrera egin zieten bi taldeei Andra Mari Dantza Taldeko arduradunek eta gaur udaletxean izan dute harrera. Udaletxeko harreran bi talde gonbidatuek oroigarriak ekarri dizkiete udal ordezkariei eta jaialdiko antolatzaileei, eta Galdakaoko Udaletik ere oroigarria eman diete Uzbekistango eta Ekuadorko dantzariei. 

Uzbekistango eta Ekuadorko taldeei harrera egin diete gaur udaletxean // Argazkia: Geuria

“Ohore handia da guretzako Galdakaon horrelako ekitaldiak babestea”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak: “Dagoeneko 33 urte dira Andra Mari Dantza Taldeak Folklore Bizian jaialdia antolatzen duena eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu mundu osoko kultura aniztasuna gurean sustatzeagatik”.

Galdakaoz gain, Euskal Herriko beste udalerri batzuetan ere izango dira Uzbekistango eta Ekuadorko taldeak. Besteak beste, Hego Uribe eskualdean beste geldialdi bat egingo dute, eta Arrigorriagan izango dira uztailaren 22an, astelehenez.

Folklore Bizian 2019 – Egitaraua

Uztailak 17, asteazkena
20:30 Kurtzeko frontoian: Sabo (Uzbekistan) + Somos Cultura Viva (Ekuador) + Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)

Uztailak 18, osteguna
20:30 Kurtzeko frontoian: Sabo (Uzbekistan) + Somos Cultura Viva (Ekuador) + Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)

Uztailak 19, ostirala
20:30 Unkinako kiroldegia: Sabo (Uzbekistan) + Somos Cultura Viva (Ekuador) + Oinarin Dantza Taldea (Usansolo).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak