→Galdakao

Frankismoaren biktimentzako “egia, justizia eta erreparazioa” Galdakaon ere

galdakao gogora aranzadi oroimenaren astea

Maiatzean Oroimenaren Astea ospatuko dute Galdakaoko bonbardaketen 78. urteurrenean: Burdin Hesian zehar ibilbideak, erakusketak eta Gerra Zibilari buruzko hitzaldiak prestatu dituzte.

Gerra Zibilean bonbardatu zituz­ten herriekin jarri zen kontaktuan 2011n Bizkaiko Foru Aldundia, “Ze­rutik sua dator!” dokumentala egin ahal izateko eta 75. urteurrena os­patzeko. Herri bakoitzak bideo za­tiak grabatu behar izan zituen eta Galdakaon Eunate Barroetak eta beste herritar batzuek parte hartu zuten zeregin horretan. Talde horre­tan egon ziren batzuek ikusi zuten bazegoela beharra Galdakaon ere gertatu zenaren, bonbardaketaren inguruan beste lan bat egiteko: “Do­kumentalak guregan interesa piztu zuen, baita gehiago egiteko beha­rra ere”, dio Eunate Barroeta kideak. Orduan, Galdakao Gogora Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkartea sortzea erabaki zuten.

Gaur egun hamar bat kidek osa­tzen dute Galdakao Gogora. “Familia askotan egon dira gerrako biktimak eta horrek motibatu egin gaitu el­kartearen parte izateko”, dio Nago­re Ferreira elkarteko lehendakariak. Bestetik, historiarekiko zaletasuna dutenak ere badaude elkartean: “Gehienoi historia gustatzen zaigu eta jakiteko eta erakusteko gogoak ditugu”, dio Ba­rroetak.

Galdakao Go­goraren jardueren helburu nagusia Francoren dik­taduraren bikti­mentzat “egia, justizia eta erre­parazioa” lortzea da, baita Burdin Hesiaren onda­rea kontserbatzea eta zabaltzea ere. “Konturatu gara Galdakaon jendeak ezjakintasun oso handia daukala gaiari buruz, nahiz eta hemendik Burdin Hesia pasatu. Ikur garrantzi­tsua izan zen gerra garaian, baina normalean jendeak ez du horren berri, are gutxiago gazteek”, dio Fe­rreirak. Hori dela eta, Galdakao Go­gora elkartearen asmoa gaia “lau haizeetara zabaltzea” da, “horren berri ematea eta, noski, ez ahaztea”.

Galdakaoko bonbardaketa maia­tzaren 18an izan zen eta hogeita lau hildako utzi zituen: “Famatuena Plazakoetxen bota zuten bonba da: hogeita bi pertsona hil zituzten. Ba­besleku bat zegoen bertan -oraindik ere badago-, baina guztiak ez ziren sartzera heldu. Gero, bunkerrak eza­gutzen ikusi dugu beste bonba asko bota zituztela. Bonba horiek utzi zi­tuen arrastoak ikus daitezke egun”.

BUNKERRAK ETA HILOBIAK, ELKARTEAREN LORPENAK

Elkartea sortu zenetik, bunkerrak eta ‘nido de ametralladora’ dela­koak aurkitzen hasi ziren eta dagoe­neko hogeita hamar baino gehiago topatu dituzte Galdakaon: “Jen­dearen testigan­tzei esker aurkitu ditugu, baita lu­bakiak ere”, dio Nagore Ferreirak. Eta ezagutzera emateko helbu­ruarekin, ibilbide moduko bat egin dute.

Era berean, hilobiak topatzen hasi dira: “Oraindik egiteke dauka­gu lana, baina zerbaitekin hasi gara. Adibidez, Kortederra inguruan, Le­moatik gertu, ‘Hilen lekua’ aurkitu dugu”, dio Barroetak. Bertan, Aran­zadi Elkartearekin batera elkarla­nean aritu dira: “Lekukotza batzuk batu genituen, gudari batzuk Kor­tederran hilobiratuta zeudela esan ziguten eta Aranzadirekin harreme­tan jarri ginen lanean has zitezen”, dio Ferreirak. Galdakaoko Altamira, Arteta eta Bengoetxe auzoetan ere izan dira Aranzadikoak lanean, “bai­na oraingoz ez dute ezer topatu”. Eunate Barroetaren esanetan, “le­kukoek esaten digutenaren arabe­ra guk txosten bat egiten dugu eta Aranzadira bidaltzen dugu. Ondo­ren, zerrenda bati jarraipena ema­nez, lekuak ikuskatzera etortzen dira”.

BARRUKO LANA, URTEKO UZTA

Galdakao Gogora elkartearen kanpo­ra begirako ekintzen artean nabar­menena Oroimenaren Astea da, “bai­na barruko lana urte osoko lana da, hau da, testigantzak batu, hilobiak bi­latu eta bunkerrak aurkitu eta garbi­tzea da gure zeregina”, dio Barruetak.

Oroimenaren Astea 2012. urtean hasi ziren antolatzen. Bi asteburu hartzen ditu eta bakoitzean ibilaldi bat antolatzen dute Burdin Hesia ze­goen inguruetan. Erakusketak eta hi­tzaldiak ere prestatzen dituzte.

 

_______________

JUANTXO AGIRREREN HITZALDIA OROIMENAREN ASTEAN

2015eko Oroimenaren Astea maiatzaren 16tik 24ra ospa­tuko da. Burdin Hesia ikus­teko bi irteera antolatu ditu Galdako Gogora Elkarteak bi larunbatetan, Bekelarre, Alta­mira eta Olabarriko aztarnak ikusteko. Hitzordua 09:00etan jarri dute Galdakaoko uda­letxearen aurrean eta anto­latzaileek adierazi dutenez, “oinetako erosoak jantzi eta ibiltzeko gogoa ekartzearekin nahikoa da”.

Hitzaldiei dagokienez, aurten ere bi prestatu dituzte. Alde batetik, maiatzaren 19an Lourdes Errasti antropologoak ‘Emakumeak eta 36ko Gerra’ gaiaren inguruan egingo du hitzaldia. “Gutxitan aztertu­tako gaia da, nahiko ezeza­guna. Horregatik ekarri nahi izan dugu Oroimen Astera”, dio Nagore Ferreira lehenda­kariak. Bestetik, maiatzaren 21ean 19:00etan Gandase­gin Juantxo Agirre Aranzadi Elkarteko zuzendariak Jose Ariztimuño ‘Aitzol’ izango du berbagai. Ondoren, “Aitzol, Euskal Pizkundearen heriotza” dokumentala ikusteko aukera egongo da.

galdakao gogora burdin hesia

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak