→Galdakao

Aingeru Garay: “Urtean gehienez 70 egun baino ez ditut ematen Galdakaon”

Aingeru Garay Espainiako txapeldun da, kategoria absolutuan. Era berean, otsailean eski alpetarreko Munduko Junior Txapelketa jokatu eta 13. postuan bukatu zuen. Horrek Munduko Top15ean utzi du.

Argazkiak: Aingery Garay + Carpe Diem Studio Fotografico

Aingeru Garay Espainiako txapeldun da, kategoria absolutuan. Era berean, otsailean eski alpetarreko Munduko Junior Txapelketa jokatu eta 13. postuan bukatu zuen. Horrek Munduko Top15ean utzi du

Galdakaon eski-estaziorik egon ez arren, herrikide bat Estatuko promesa handienetako bat da neguko kirolean. Aingeru Garay da hori (Galdakao, 1998). Martxoan Espainiako txapelketa irabazi du, slalom erraldoiaren kategorian. Hori esker Espainiako txapeldun absolutua da. Gainera otsailean eski alpetarreko Munduko Junior Txapelketan parte hartu zuen Italian eta bertan 13. postuan bukatu zuen. Horren eraman du Munduko Top15era. Garay Loma Verde klubean lehiatzen da, eta Euskadiko eta Espainiako Negu Kiroletako Federazioetako kide da.

Nondik datorkizu eskiarekiko zaletasuna?
Bada egia esan, oso oso txikitatik. Gurasoek eskiatzera eramaten ninduten haurra nintzenetik. Bizioa hartu eta ordutik horretan nabil.

Duela gutxitik Espainiako txapeldun absolutua zara.
Bai, hala da. Martxoan Espainiako Txapelketa ospatu zen Baqueira Bereten (Lleida) eta bertan beste urrats nabarmen bat eman nuen nire ibilbidean: Espainiako txapeldun absolutua, slalom erraldoiaren kategorian. Estatu mailan txapeldun absolutuaren tituluren bat irabaztea beti da poztekoa. Askotan beheko kategorietan txapeldun izan naiz, baina inoiz ez kategoria absolutuan. Oso pozik nago.

Gainera, otsailean Munduko Junior Txapelketan parte hartu zenuen eta 13. postuan bukatu zenuen.
Bai. Val di Fassako (Italia) eski alpetarreko Munduko Junior Txapelketan parte hartu nuen otsailean. Jokoan zeuden kategoria guztietan lehiatu nintzen: jaitsiera, super erraldoia, konbinatua, erraldoia eta slalom. Txapelketa 13. postuan bukatu nuen eta horrek Munduko Top15eraino eraman ninduen. Guztira Munduko 3 txapelketetan parte hartu dut eta hiruretan esperientzia ezin hobea eta atsegina bizi dut. Aurten, ordea, poztasuna handiagoa izan da emaitza oso ona lortu bainuen.

Zenbat txapelketetan izan zara?
Ez dakit zehazki zenbat txapelketetan parte hartu dudan. Eskiatzen urte eta erdirekin hasi nintzen, beraz pentsa zenbatetan lehiatu naizen txapelketetan! Aurten, esaterako, 60 lasterketa egin ditut.

Garay lasterketa batean // Argazkia: Aingeru Garay

Arretik lortu dituzun garaipenetatik ere garratzitsu batzuk ere egongo ziren.
Bai. Garaipen denak dira garrantzitsu, baina batzuk aipatzearren, Munduko Junior Txapelketa, Gaztetako Joko Olinpikoetan irabazitakoak edota beste hainbeste lasterketa daude. Eta gogoenetariko bat izan da Estatuko Txapelketa Absolutua.

Urtean zehar non eta noiz entrenatzen duzu?
Egia esan urte osoan zehar entrenatzen dut. Geldialdia oso laburra izaten da. Uda garaian glaziarretara edota Hego Amerikara noa aurredenboraldia prestatzera, eta neguan Europatik entrenatzen dut, lasterketa zirkuituak egiten.

Zure egunerokotasuna zein den azaldu.
Nire egunerokotasuna oso bakuna da. Goizean oso goiz esnatu eta entrenatzera noa; eguerdian bazkaltzera jaitsi eta atsedenaldi bat hartu eta gero berriro noa entrenatzera, kasu honetan fisikoa entrenatzera; afaldu eta ohera hurrengo egunera arte. Alegia, goi-mailako kirolari baten ohiturak ditut.

Noiztik bizi zara Galdakaotik kanpo?
Bi urtetik gaur egunera arte Galdakaon bizi naiz. Behintzat hemen dut bizilekua, nahiz eta etxean denbora asko ez pasa. Izan ere, urtean 60 edo 70 egun baino ez ditut igarotzen etxean.

Zelan izan da Galdakaokoa izan eta hemendik kanpo entrenatzea?
Ikasketak Lauaxeta Ikastolan egin ditut beti, Zornotzan. Gauza da bigarren hiruhilekoan Baqueirara nindoala entrenatzera. Horrela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arte egin nuen. Gero Batxilergoa osorik Baqueiran egin nuen.

Eskia praktikatzeko finantziazioaz galdetuko banizu…
Kirol hau nahiko garestia da. Babeslerik ez baduzu lortzen, benetan garesti ateratzen da eskia praktikatzea. Hala ere, nire kasuan, zorionez, esan dezaket honetaz bizi naizela. Zoritxarrez, eskiatzeagatik soldata jasotzen dugunok gutxi batzuk baino ez gara.

Gurean eskiarenganako zaletasuna handia ala txikia da?
Egia esan eskiarenganako eta elurrarenganako zaletasuna handia da gure inguruan. Esango nuke ilusioa edo horretara benetan dedikatzeko falta dagoela. Adibidez, futbolak edo beste kirol ezagunek ilusio eta dedikazio hori dute gurean. Eskiatzaile edo neguko beste kiroletako kirolaria izateko gogoak eduki behar dira eta prozesu horretan konfidantza izan behar duzu, normalean lehorreko kiroletan gertatzen den bezala.

Zure iritziz, Munduko zein tokitan eskiatzen da hobeto?
Nire gusturako Italian eskiatzen da hobetoen. Hainbat eski-estazio daude, baina nire gogokoena agian Folgaria da.

Eta esaiguzu zuretzako Espainiako zein eski-estazio den onena.
Espainian Baqueira Beret onena dela esango nuke. Gainera bertan hazi naiz ni. Oso berezia da niretzako eski-estazio hori. Espainian eski-estazio oso onak daude, atzerrikoei inbidia izan behar ez dieten asko.

Non daude Munduko eskiatzailerik onenak?
Maila altuena duten eskiatzaileak normalean izaten dira Austriakoak eta Norvegiakoak. Eskiatzeko zaletasun oso handia dago bertan.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Hurrengo denboraldia prestatzen jarri behar dut nire burua. Helburua izango da denboraldi on bat egitea eta kalitatezko jauzia ematea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak