→Galdakao

Ainhoa Alvarez, Marta Perea eta Jone Ibañez galdakoztarrek Athleticen jarraituko dute datorren denboraldian

Ainhoa Alvarez, Marta Perea eta Jone Ibañez galdakoztarren kontratuak beste urtebetez luzatu ditu Athleticek, 2020. denboraldira arte.

Marta Perea, erdian, Jone Ibañez eta Ainhoa Alvarez taldekideekin batera // Argazkia: La Liga

Emakumezkoen Athletic Cluben lehenengo taldean jarraituko dute beste denboraldi batez Ainhoa Alvarez (Galdakao, 1994), Marta Perea (Galdakao, 1995) eta Jone Ibañez (Galdakao, 1997) galdakoztarrek. Hain zuzen ere, bakoitzaren kontratuak beste urtebetez luzatu ditu Athleticek, 2020. denboraldira arte. Alvarezen zazpigarren denboraldia izango da hurrengoa, Perearen seigarrena eta Ibañezen bosgarrena.

Hiruren artean Alvarezek denboraldi gehien eman ditu Athleticen lehen taldean: guztira sei denboraldi (2013/2014 denboralditik) eta 67 partidu jokatu ditu lehen taldearekin: 64 partidu Liga Iberdrolan eta 3 Kopan. Lehen taldean 2 gol sartu ditu, biak Ligan. 2009/2010 denboraldian iritsi zen Galdakaoko atzelaria Lezamara Lanbide eta La Merced taldeetan ibili ondoren, Athletic Club B taldearekin jokatzeko. 2018/2019 denboraldian 15 partidu jokatu ditu Alvarezek.

Perea Lezamara heldu zen 2011/2012 denboraldian Athletic Club B taldera, Mungia taldetik eratorria. Lehen taldean bost denboraldi egin ditu ezker hegaleko erdilariak (2014/2015 denboralditik) eta guztira 54 partidu jokatu ditu: Liga Iberdrolan 51 eta Kopan 3. 2018/2019 denboraldian 23 partidu jokatu ditu eta Kopan bakarra.

Ibañezek aurten laugarren denboraldia jokatu du lehen taldeko elastiko zuri-gorriarekin (2014/2015 denboralditik, 2016/2017 izan ezik) eta guztira lehen taldean 57 partidu jokatu ditu: 53 Liga Iberdrolan eta 4 Kopan. Bide batez, mailarik gorenean bere lehenengo golak erdietsi ditu (2) Galdakaoko erdilariak. Lanbiden lau denboraldi eman eta gero, Galdakaoko taldean jokatu zuen 2011/2012 denboraldian eta ondoren Lezamara heldu zen 2012/2013 denboraldian. 2018/2019 denboraldian 26 partidu jokatu ditu eta 2 gol sartu ditu.

Hiru galdakoztarren palmaresean dago 2015/2016 denboraldiko Liga txapelketa Athletic Clubekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak