→Galdakao

Bost igogailu bertikal eraikiko dituzte Aperribain irrisgarritasun arazoei aurre egiteko

galdakao aperribai 2018 igogailuak proiektua google maps

Urte amaieran hasiko dituzte obrak, udal gobernu taldearen aurreikuspenen arabera. Obra hauen inbertsioa 3 milioi euro ingurukoa izango da.

Bost igogailuen eta arrapala mekanikoaren kokapena // Geuria

Urte amaieran hasiko dituzte obrak, aurreikuspenen arabera. Obra hauen inbertsioa 3 milioi euro ingurukoa izango da

2018ko aurrekontua eta inbertsioak aurkeztuta, Galdakaoko udal gobernu taldeak aurrekontuan aldaketa bat egingo du inbertsioen atalean. Hain zuzen ere, Aperribai auzoko irisgarritasun arazoak “erabat” ezabatuko dituela adierazi du udal gobernu taldeak. Arazo horiei aurre egiteko, bost igogailu eraikiko dituzte auzoan. “Igogailuak bertikalak izango dira eta gehienak auzoaren ekialdean kokatuko dira“, dio Fernando Izagirre Hirigintza arloko zinegotziak. Datuak datu, 3 milioi euro inguru inbertituko ditu Udalak obra hauetan, hau da, igogailu bakoitza eraikitzeko bataz beste 600.000 euro inguru inbertituko dituzte.

Zentzu horretan, hau izango da igogailuen kokapena: lehenengo igogailuak Aperribaiko sarbidea eta Osakidetzako kontsultategia lotuko ditu; bigarrenak kontsultategia eta frontoi ondoko etxebizitzak; hirugarrenak Aperribai kaleko 34. zenbakia eta 46. zenbakia lotuko lituzke; eta, laugarren igogailua 46. zenbakitik 58. zenbakiraino joango litzateke, “hau da, gorenean dauden etxebizitzetaraino“, dio Izagirrek. Bestetik, bosgarren igogailua auzoaren mendebaldean kokatuko litzateke, Aperribai kaleko 9. zenbakitik 24. eta 25. zenbakietaraino. “Igogailu horrek bi maila izango lituzte: bata 24. zenbakiraino eta hortaz, Aperribaiko eskolaren atzealderaino, eta bestea, 25. zenbakiraino“, zehaztu du Izagirrek. Hasiera proiektu honen arabera, hirugarren igogailura iristeko arrapala mekaniko bat eraikitzea aurreikusi dute udal arduradunek.

Azterketa geoteknikoak ari gara egiten eremu guztien ezaugarriak ezagutzeko. Batez ere gehienetan pasarelak jarri behar badira, horiek non kokatu behar diren ondo zehazteko eta indusketak non egin behar diren xedatzeko“, dio Gonzalo Ispizua udal arkitekto eta Hirigintza arloko koordinatzaileak: “Horren arabera, behin betiko proiektua idazteari ekingo genioke eta horri dagokion lizitazio publikoa zabaldu“. Ildo horretan, urte amaieran obrak hastea aurreikusi dute udal ordezkariek. “Exekuzioari dagokionez, ezin dugu oraindik zehaztu zenbateko iraupena izango duten obrek, baina aurreratu dezakegu luze jo dezaketela. Beraz, auzotarrei pazientzia eskatuko diegu, obrek dakartzaten zaratak deserosoak izan daitezkeelako“, dio Izagirrek.

8 pertsonentzako lekua

Igogailuen ezaugarriei dagokienez, 8 pertsonentzako lekua izango luke bakoitzak, “baina aztertzen ari gara 12 pertsonentzakoak bilatzea“, dio Ispizuak. Era berean, igogailu bertikalak aukeratzearen arrazoia ere azaldu du udal arkitektoak: “Igogailu inklinatuak baino merkeagoak dira eta mantentze-lan gutxiago eskatzen dute. Bestetik, eskailera mekanikoak jartzea ere baztertu dugu, ez baitira denontzako irisgarriak: haurren aulkiak edo gurpil-aulkiak, kasu“, dio.

Asmo handiko obra dela eta Aperribai “guztiz elkartzea” bilatuko duela diote udal ordezkariek. Hirigintza zinegotziak dioenez, “obra honek Metroaren etorrera prestatzeko balioko du. Izan ere, Metroaren sarbidea N-634 errepidearen ondoan izango litzateke, Firestone herrigunea autobus geltokiaren ondoan, alegia. Horrela, Metroa lehenengo igogailuarekin erabat lotuta egongo da“.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|