→Galdakao

Aperribaiko ikastetxeko jolastokia osorik estaliko dute datorren urtean

galdakao aperribai eskola 2017 jolastokia

Patioan estalkia eraikitzeko obrak lizitatuko dituzte urte amaieran. Obrak burutzeko epea bi hilabete ingurukoa izango dela aurreikusi dute udal ordezkariek

Aperriba eskolako jolastokia // Geuria

Patioan estalkia eraikitzeko obrak lizitatuko dituzte urte amaieran. Obrak burutzeko epea bi hilabete ingurukoa izango dela aurreikusi dute udal ordezkariek

Aperribai ikastetxeko jolastokiak itxura berria izango du datorren urtean. Izan ere, patioan estalkia eraikiko dutela iragarri du udal gobernu taldeak. Proiektuaren arabera, jolastoki osoa babestuko duen estalkia jarriko dute, euria eginez gero ikasleak eta irakasleak busti ez daitezen. Modu horretan, 650 metro karratuko estalkia eraikiko dute patioan, %5eko inklinazioarekin. Metalezko egitura daukan estalkia ipiniko dute eta akabera polikarbonato konpaktu zeharrargiarekin izango da. Era berean, hego-ekialdeko hegalean material bereko itxitura bertikala jarriko dute, estalitako gunea euri eta haize boladetatik babesteko. Egiturak bost arkupe paralelo izango ditu erdian, bi zutabez eta haga batez osatuta. Arkupe horiek 6,35 metroko tartea izango dute, eta saskibaloiko eta areto-futboleko pistak estaliko dituzte, eremu diafanoa eratuz, tartean zutabe barik.

Aperribaiko Eskola-Kontseiluak erabakiko du zein izango den obrak egiteko garairik onena, “ikasturteko martxari ahalik eta gutxien oztopatzeko, ikasleei eragin dakizkiekeen segurtasun-arazoak kontuan harturik”, diote eskolako zuzendaritzatik. Obra urte amaieran lizitatuko du Udalak eta bi hilabeteko epean bukatuta egongo dela aurreikusi du. Udalak 277.000 euro inbertituko ditu jolastokia estaltzeko obra hauetan, baina ez da Aperribai auzoan egingo den lan bakarra.

Estalkiaren obrak hasi bitartean, Galdakaoko EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio Aperribaiko eskolako jolastokian behin behineko karpa bat kokatzea. Karpa desmuntagarria proposatzen dute, “patio nagusiari ahalik eta hobekien egokituko zaiona“, diote. Beatriz Ilardia EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “obrak ez dira amaituko 2018-2019 ikasturte hasiera arte. Berriro engainatu dute auzoa, eta beste urte bat ikasleak neguan behar bezala disfrutatu ezinik geldituko dira“.

Irisgarritasun arazoei aurre egiten

Ikastetxean obrak egiteaz gain, Udalak 120.000 euro bideratuko ditu Aperribain irisgarritasun arazoei aurre egiteko. Zentzu horretan, datorren urtean sarbide mekanikoak eraikiko ditu. Inbertsio hau udal gobernu-taldeak proposatu zuen eta udalbatzaren azken osoko bilkuran onartutako aurrekontuaren aldaketan dago, Aperribaiko irisgarritasun-baldintzak hobetzeko nahiari erantzunez.

Irisgarritasun arazoa gero eta sentsibilitate sozial handiagokoa dugu eta teknologia berrikuntzek gaur egun jarduketa berriak egitea ahalbidetzen dute, kasu honetan Aperribaiko desnibel handiak gainditu ahal izateko”, diote udal ordezkariek.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|