→Galdakao

Herritarren udal-txartelak mugikorrean edukitzea ahalbidetuko du Galdakaoko app hobetuak

Galdakaoko Udaleko aplikazio mugikorrak (APP) bi urte eta erdi egin ondoren, hobekuntzak izango ditu gaurtik aurrera. Guztira 2.700 deskarga izan ditu.

App-a sortu zutenetik 2.700 deskarga izan ditu // Argazkia: Geuria

Galdakaoko Udaleko aplikazio mugikorrak (app) bi urte eta erdi egin ondoren, hobekuntzak izango ditu gaurtik aurrera. Berrikuntza horien artean nabarmentzekoak dira: Herritarren Udal Txartel Digitalak app-ra txertatzea; Euskotrenen ordutegiak; Kultur agenda, buletin digitala eta presako abisuen jakinarazpen automatikoak sortzea; Ludotekak, Topaguneak, Torrezabal, Txapelena edota kirol instalazioen informazioa handitzea; kiroldegietan erreserbak egitea (udal webgunearen bitartez); edota bilaketa-tresna Enpresen Gidan.

“Herritarren txartel digitalari dagokionez, app honetan udal txartel guztiak sartu ahal izango dira. Modu horretan, jada ez da beharrezkoa izango, Torrezabaleko bazkideek, udal liburutegietako bazkideek edota udal kiroldegietako bazkideek ohiko txartela aurkeztea; nahikoa izango da mugikorra eramatea, aurretik modu errazean, txartel horien argazki sinple bat kargatuta”, dio Ruben Seoane Herritarren Parte-hartze arloko zinegotziak.

Seoanek dioenez, “hobekuntza hauek, neurri handi batean, udal aplikazioa estrenatu genuenetik herritarren eskutik iritsi zaizkigun ekarpenak dira”. Era berean, Seoanek erantsi duenez, “bigarren fase hau hobekuntza berrietarako abiapuntua ere izango da, herritarrekin zabaldutako komunikabide bizi honetan txertatuz joango direlarik”.

2.700 deskarga

2017ko urrian aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak aplikazio mugikorra. Lehenengo fase horretan, besteak beste, larrialdi baterako guardiako farmazia hurbilena zein den ezagutzea, autobus-geraleku batean itxaron beharreko denbora jakitea edota minutura eguneratutako kultura-agenda jakitea ahalbidetzen zuen app-ak.

Bi urte eta erdi hauetan guztira 2.700 deskarga izan ditu Galdakaoko Udaleko aplikazio mugikorrak: 2.000 Android mugikorretan eta 700 iOS mugikorretan. “Gaur bertan eguneraketa izango dute Android gailuek. iOS gailuetan egun batzuk barru egongo da eguneratuta”, dio Cirilo Davila Herritarren Arreta eta Komunikazio zuzendariak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak