→Galdakao

Arantzileko presa berreskuratzeko ahaleginetan, hondakinak bilduko dituzte ekainaren 22an

Ekainaren 22an, larunbatez, hondakinak biltzeko eguna antolatu du Arantzille Kirol Klubak Arantzileko presan.

Iaz Arantzilen hondakinak biltzeko jardunaldian // Argazkia: Arantzille Kirol Kluba

Arantzille Kirol Klubaren helburuetako bat da -arrantza praktikatzeaz gain- Galdakaoko Arantzileko presa berreskuratzea. Sare sozialetan askotan salatzen dutenez, hondakin asko dago inguru horretan, eta horregatik ekainaren 22an, larunbatez, hondakinak biltzeko eguna antolatu dute. “Duela hiru urtetik hona aldarrikatzen dugun proiektua behingoz martxan jartzeko igoko gara berriro ekainaren 22an. Alegia, Arantzileko presa berreskuratu dadin aldarrikatuko dugu beste behin”, diote sare sozialetan: “Paseoan joateko, bizikletan ibiltzeko, familian edota gure maskotekin egoteko ingurune ikusgarri da, baina zaindu ezean, galdu egingo dugu”.

Hondakinak biltzeko jardunaldia ekainaren 22an 10:00etan hasiko da, eta edonor dago deituta parte hartzera. Ondoren 14:00etan paellada egongo da klubaren kontura, eta 16:30ean haurrentzako arrantza-eskola antolatuko dute. “Lehenengo urtean 8 lagunek baino ez genuen hondakin bilketan parte hartu eta iaz 32 baino gehiago izan ginen”, diote: “Denon artean berreskuratu egingo dugu Galdakaoko berdegune hau”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak