→Galdakao

Antenna zentroa eraikitzeko obrak urte amaieran hasiko ditu Udalak

galdakao antenna 2014 proiektua

Galdakaoko Udalak 33.188.151 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino %5,36 gehiago. Inbertsioetarako 4 milioi euro bideratuko ditu.

Antenna eraikineko proiektua, 2014an // Galdakaoko Udala

2018. urterako izango duen aurrekontuaren berri eman du gaur Galdakaoko Udaleko gobernu-taldeak. Guztira, 33.188.151 euroko aurrekontua izango du Galdakaok, iaz baino 812.993 euro gehiago (%5,36).

Aurreko kontuekin alderatuta, aurten inbertsioek nabarmen egingo dute gora Udalkutxak udalerrietan banatu duenari esker eta guztira 4.048.438 euro bideratuko dituzte inbertsioetara (iaz 2,1 milioi erabili zituen udal gobernu taldeak inbertsioetarako). “Gure baliabideekin egingo ditugun inbertsioak dira eta, aurrekontuko aldaketa baten bitartez, iazko gerakinak ere erantsi beharko lirateke. Horrela aukera izango dugu, esaterako, N-634an biribilgune bat eta Andraenea emakumeen zentroa egiteko“, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak. Inbertsioak hiru zatitan banatu dituzte: azpiegiturak eta instalakuntza orokorrak (2.356.677 euro), auzoetan inbertsioak (1.119.789 euro) eta inbertsio estrategikoak (557.007 euro).

Inbertsio estrategikoei dagokienez, proiektu bakar batera bideratuko du udal gobernu taldeak. Hain zuzen ere, Antenna kultura zentroa eraikitzeko bideratuko dituzte 557.007 euro. “2018 urte amaieran Antenna proiektuaren lehen harria jartzea aurreikusi dugu“, dio Uribek: “Aurrekontuaren proiekzioa 2023raino egin dugu, gastu arrunta optimizatzeko eta inbertsio garrantzitsu hau egiteko, aurrekontuaren egiturari eragin barik“. Zentu horretan, guztira 6.200.000 euro inguru inbertituko dituzte Antenna eraikina egiteko. Lapurdiko txandakako aparkalekua dagoen lekuan kokatuko dute Antenna: “Antennak ez du aparkalekuko lursail osoa hartuko, eta beraz ez ditugu aparkaleku guztiak kenduko, batzuk baizik”, azpimarratu du Uribek: “Kenduko ditugun aparkalekuak inguruko beste leku batzuetan egingo diegu lekua”. 

Beste inbertsioak izango dira: Bizkai kalea berurbanizatzea udaletxeraino eta txandakako aparkaleku berria egitea (458.000 euro); N-634ko oinezkoen pasabidea botatzea, Urretan (188.000 euro); kirol anitzeko kantxa egitea Lapurdin; ludoteka berriak eraikitzea San Inazio, Bengoetxe eta Urretan (177.000 euro); Elexaldeko futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzea (225.000 euro); Zuhatzu eta Arkotxako Galdakaoko zatia urbanizatzea; Urtebietan pantaila akustikoak jartzea A-8 errepidearekiko; Meatzetan zorua konpontzea; Torrezabalen bularra emateko gune publikoa sortzea (40.000 euro); Bernart Etxepare kalearen urbanizazinoa; Esan bulegoa Usansolon eraikitzea; Olabarri auzoan argiteria publikoak jartzea; karteldegi digitala udalerrian zehar hedatzea informazio-gune publiko gisa; eta Udalaren app-a garatzeko bigarren fasea.

Gastuak handitu

Txema Larrazabal Gizarte-ekintza eta Enpleguko zinegotziak azaldu duenez, hainbat udal departamentutan gastua handituko dute. Esate baterako, enpleguan %19,5, gizarte-ekintzan %12,5, berdintasunean %12,1, kulturan %11 eta udal langilerian %5,8 handituko dute gastua. “Hazten jarraitu gura dugu beharrizan handiagoak daukatenei lagunduz eta, enpleguaren kasuan, inbertitzearen aldeko apostua egiten jarraituko dugu, langabeziako %10eko tasara hurreratzeko helburuarekin“.

galdakao aurrekontua 2018 zirriborroa aurkezpena

Txema Larrazabal zinegotzia eta Ibon Uribe alkatea 2018ko aurrekontuaren zirriborroaren aurkezpenean // Geuria

Andrenea Emakumeen Etxea, Aperribai eta Formica urbanizazioa

Aurrekontuaren zirriborrotik kanpo egon arren, udal gobernu taldeak beste inbertsio batzuk ditu buruan datozen urteetan betetzekoak. Horiek dira: Galdakaoko Emakumeen Etxea, Andraenea, eraikitzea (500.000 euro), Aperribai auzoko irisgarritasuna hobetzea (3.000.000 euro), eta Formica enpresa zegoen eremua berurbanizatzea (900.000 euro).

Alde batetik, emakumeei zuzendutako ahalduntze eskola bat sortu nahi dugu Galdakaon, Basaurin Marienea edota Ermuan Emakumeen Topalekua duten bezala. Andraenea ez da behin betiko izena izango: parte-hartze prozesu bat zabalduko dugu herritarren artean izen definitiboa adosteko. Lehendakari Agirre plazan eraikiko dugu, haurreskolarekin simetrikoki. Bestetik, Aperribai auzorako sarbidea eta bertako irisgarritasuna hobetzeko obrak hasi nahiko genituzke. Eta amaitzeko, Formica enpresa zegoen gunean esku hartu nahi dugu, bertan biribilgune bat eraikiz edo industriagunea sortuz“, dio Uribek.

Aurreikuspenen arabera, apirilaren 10ean onartuko dute aurtengo aurrekontua, ezohiko osoko bilkuran (09:00etan). Aurrekontuaren zirriborroa oposizioari aurkeztu diote martxoaren 12an eta zuzenketak egiteko aukera izango dute ezohiko osoko bilkura ospatu aurretik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak