→Galdakao

Herri Kirolen lehen oztopo lasterketa ospatuko dute Galdakaon, irailean

Eternal Running ekimena ardatz hartuta, aurreneko aldiz Herri Kirolak abiapuntu hartuta oztopo lasterketa bat ospatuko da, non eta Galdakaon.

'Azken Gudaria' oztopo lasterketa aurkeztu dute gaur Galdakaon // Argazkia: Geuria

Oztopo lasterketak ikustea ohikoa da gure inguruetan. Esate baterako Galdakaon Eternal Running oztopo lasterketa ospatu izan da hiru urtetan (2015an, 2016an eta 2017an). Iaz ez zen lasterketa hori Galdakaon ospatu, baina aurten antzeko proba bat izango da.

Eternal Running, Farinato edota Spartan ekimenen kontzeptua ardatz hartuta, aurreneko aldiz Herri Kirolak abiapuntu hartuta oztopo lasterketa bat ospatuko da, non eta Galdakaon. “Gure kulturarekin zerikusia duen proba bat antolatuko dugu lehen aldiz Galdakaon eta Euskal Herrian: Herri Kirolen oztopo lasterketa”, dio Koldo Goioaga Galdakaoko Udaleko Kiroletako zinegotziak. Azken Gudaria. Gure oztopo lasterketa da probaren izena eta Galdakaoko zenbait herritarrek sortu dute. Proba berritzaile hau dagoeneko erregistratuta dago.

“Proba berri honekin ondo pasatzea bilatzen dugu, eta noski, lehiakortasuna ere. Berezitasun bakarra da euskal kirol tradizionalari lekua egin nahi diogula, proba gurea dela adierazteko”, diote antolatzaileek: “Herri Kirolen oztopo lasterketa bat egiteko ideia orain dela urte batzuk bururatu zitzaigun. Galdakaon Herri Kirolen zaletasun handia dago eta hasiera batean gimnasioen arteko lehiaketa izango bazen ere, herritar guztiek parte hartu ahal izango dute”, diote.

Azken Gudaria. Gure oztopo lasterketairailaren 29an, igandez, ospatuko da Galdakaon, 10:00etatik aurrera. “Asmoa dugu herri osoan zehar proba ezberdinak garatzeko. Hala nola, Iturriondo plazan, plaza gorrian edota mendian”, diote antolatzaileek. Antolatzaileen artean daude: Richard Gomez, Kepa Goti, Giselle Juarez, Patxi Alava, Gorka Benito eta Ekhi Ziarrusta herri kirolaria. Era berean, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango du probak, baita Galdakaoko kirol elkarteen eta Dendari Elkartearen babesa ere.

Berdintasuna, inklusioa eta Herri Kirolak

Lasto altxatzea, txingak, harria jasotzea, ingude altxatzea, zakuak, lokotxak, trintxerak, alanbre-hesia, harresiak, piramideak, sokan igotzea, oreka edota monkey bars bezalako probak gauzatu beharko dituzte partaideek. “Herri Kirolek garrantzia handia izango dute oztopo lasterketa honetan, baina egia da bestelako probak ere gainditu beharko dituztela parte-hartzaileek”, diote antolatzaileek: “Proba dibertigarriak eta gogorrak izango dira. Eta, penalizazioak ere egongo dira. Burpee-ak egin beharko dituzte penalizatuak badira partaideak”, diote.

Ibilbideari dagokionez, oraindik zehazteke dute baina antolatzaileek adierazi dute ibilbidea bera eskuragarri jarriko dutela proba eguna iritsi aurretik. “Ibilbidea webgunean ikusi ahal izango da, eta tutorialak ere ikusgai egongo dira, jendea prestatuta etor dadin”.

Azken Gudaria oztopo lasterketan 16 urtetik gorakoek parte har dezakete -banaka zein taldeka- eta elite mailako lasterketa eta lasterketa irekia (open) antolatuko dituzte. “Bi lasterketetan berdintasuna izango da nagusi. Izan ere, gizonek eta emakumeek pisu berak altxatu edo distantzia bera egin beharko dituzte. Baldintza berdinak izango dituzte emakumeek eta gizonek”, diote. Era berean, inklusioaren aldekoa izango da oztopo lasterketa. Azken Gudaria oztopo lasterketan parte hartzeko izena emateko epea dagoeneko zabalik dago.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak