☉ Galdakao
Bideoa / Bagabiz Euskara Elkartea sortu eta aurkeztu dute Galdakaon
Euskaraldia ekimenaren balorazio “oso ona” egin ostean, “Euskaraldiaren olatuari” jarraipena emateko eratu dute Bagabiz Euskara Elkartea Galdakaon.
Euskara Elkartea sortu berri dute Galdakaon. Euskaraldia ekimenaren balorazio “oso ona” egin ostean, “Euskaraldiaren olatuari” jarraipena emateko eratu dute Bagabiz Euskara Elkartea zenbait herritarrek. Horien artean aurkezpenean egon diren Nagore Ferreira, Karmele Arrieta, Aniceto Ajuriagogeaskoa, Garatz Unamunza, Beñat Armentia, Itziar Isasi, Bakarne Begoña, Mari Jose Arriandiaga, Janire Egaña eta Nere Jauregi.
“Inor ez dator inoren izenean. Koordinatzeko, elkartzeko, gauzak batera egiteko, Udalaren aurrean presionatzeko, ideiak elkar trukatzeko, eta batez ere euskara lau haizetara zabaldu nahi dugulako eratu dugu elkartea”, azpimarratu du Karmele Arrietak. Bagabiz Euskara Elkartearen aurkezpena egin dute gaur, ekainaren 13an, Gandasegiko areto nagusian. Bertara 50 lagun inguru gerturatu da, tartean Manu Moreno Euskaltzaleen Topaguneko kidea.

Bagabiz! Euskera Elkartearen aurkezpena egin duten herritarrak // Geuria
Elkartearen helburu nagusiak honakoak dira: euskararen erabilera eta presentzia handitzea; Galdakaoko euskal hiztunen komunitatea trinkotzea; euskararen inguruan hausnatzea; sektorearen elkarlana bultzatzea; eta euskaraz ditugun jarrerak aldatzea. Ildo horretan, zenbait jarduera egitea aurreikusten dute elkartetik. Hala nola, komunikazio sarea sortzea; gainontzeko elkarteak laguntzea; euskarazko produktuen kontsumoa bultzatzea; eta euskara ikusgarri egitea. Epe laburrean, Galdakaoko jaietan, Euskararen Egunean eta Euskaraldiako bigarren edizioan jarduerak egitea da Bagabiz Elkartearen asmoa.


50 bat lagun batu dira Gandasegiko areto nagusian // Geuria
Beñat Armentia eta Garatz Unamunza gazteek hausnarketarako bidea zabaldu dute Bagabiz Elkartearen aurkezpen ekitaldian: “Galdakaon ezin da euskaraz bizi. Ezin ditugu gauza handiak egin, baina apurka-apurka lortuko dugu kontzientzia pizten. Gazteak, orokorrean, ez dira gai hamaika egunez ere euskaraz egiteko, eta hori da benetan egin behar dugun hausnarketa. Gazteok aurrerapauso bat eman behar dugu hori aldatzeko”, diote.
Elkartearen parte izan nahi duenarentzako (informazio jasotzeko edota parte hartzeko) bagabiz.elkartea@gmail.com helbide elektronikoa sortu dute. Era berean, izena emateko orriak eskuragai daude AEK Barandiaran Euskaltegian eta Udal Euskaltegian, baita online betetzekoa ere.
☉ Galdakao
Bideoa | Lurra esnatu dute gaur Galdakaoko ikasleek Santa Ageda bezperan

Santa Ageda bezpera da gaur eta tradizioa jarraiki, Hego Uribeko elkarte asko eta ikastetxeak kalera irten dira makilak astintzera koplak abestera.
Galdakaon Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Kurtzeko plazatik igaro dira 10:00etatik 12:00etara bitartean eta udal langileen, zinegotzien eta herritarren aurrean kantatu dute. GEURIA bertan izan da!
☉ Galdakao
Patxi Zubizarreta idazleak bi hitzaldi eskainiko ditu Galdakaoko ikasleen aurrean
Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako ikasleak idazle ordiziarraren ‘Zerria’ liburua’ ari dira lantzen Irakurraldi Jarraitua programaren barruan

Irakurraldi Jarraitua proiektua lantzen ari dira Galdakaoko ikastetxeetan. Udaleko Euskara arloak antolatzen du ekimena ikastetxeekin elkarlanean, eta helburua da literatur esperientzia ikasleen pentsamendu kritikoarekin eta ekintza sozialarekin lotzea.
Aurtengoa bosgarren edizioa da, eta proiektu hezitzaile eta kolektibo horren barruan urte osoan zehar hainbat jarduera finkatu dituzte.
Aurten, Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako DBHko 2. mailako ikasleak Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren ‘Zerria’ liburua lantzen ari dira.
Obrak XL. Lizardi Saria irabazi zuen 2021ean eta Euskadi Literatur Saria eta Espainiako Literatura Saria 2023an. Eleberriak lurraren berotzearen ondorioak edo pertsonen eta animalien arteko harremana bezalako gaiak jorratzen ditu.
Eta, otsailaren 5ean eta 6an Zubizarreta idazlea bera Galdakaon izango da ikasleen aurrean hitzaldia emateko.
Otsailaren 5ean, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean eskainiko du hitzaldia 10:00etan, eta hilaren 6an, ostiralez, Musika Eskolan 09:00etan.
Irakurketa ozena maiatzean
Hitzaldiez gain, maiatzaren 19an ‘Zerria’ liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako ikasleek eta Galdakaoko zenbait elkarteetako kideek.
Torrezabal Kultur Etxean izango da irakurketa ozena eta lan horretarako, Maria Urcelay antzerki adituaren laguntza izango dute irakurleek. Gainera, Patxi Zubizarreta idazlea ere bertan izango da.
Irakurketa jarraitua Sormene astearen baitan antolatu dute. Udaberriko Sormene maiatzaren 18tik 25era bitartean izango da.
Eta, Sormenen ekitaldia egin aurretik, apirilean eta maiatzean ikasleek boz gora irakurtzeko tailerretan parte hartuko dute.
Hitzaldi gehiago eta mahai-inguru bat
Irakurraldi Jarraitua proiektuaren barruan, otsailean ere beste ekitaldi bat izango dute Galdakaoko ikasleek.
Hain zuzen ere, Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako DBHko 2. mailako ikasleek Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoaren ‘Glaziarrak (ag)urtzen’ dokumentala ikusi zuten urtarrilean, eta otsailaren 12an, ostegunez, hitzaldia emango du 12:00etan Torrezabalen.
Ikasleentzako hitzaldi horrez gain, herritar guztiei irekita egongo den hitzaldia eskainiko du Izagirrek Torrezabalen 18:30ean.
Eta, martxoan Patxi Zubizarretarekin, Eñaut Izagirrerekin eta Oihane Zuberoa filosofia irakaslearekin mahai-ingurua antolatu dute Galdakaoko ikasleentzat.
Martxoaren 11n izango da mahai-ingurua 10:30ean Torrezabal Kultur Etxean, eta Uxue Alberdi Estibaritz idazle, bertsolari eta kazetariak gidatuko du saioa.
Mahainguru horretan, ikasleek irakurritako liburuan eta aurreko hitzaldietan ikasitako gaiak sakondu ahal izango dituzte.
☉ Galdakao
Katixa Agirre Galdakaon izango da otsailaren 9an Leidu Irakurketa Taldearen hitzorduan
Idazle gasteiztarraren ‘Barne zerbitzuak’ nobela komentatuko dute otsaileko hitzorduan: 1937-1943 urteetan oinarritutako thrillerra

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urteko bigarren hitzordua zehaztu du: otsailaren 9an, astelehenez, batuko dira Peña Santa Cruz elkartearen lokalean 18:30ean.
Katixa Agirre Miguelez idazlearen ‘Barne zerbitzuak’ eleberria aztertu eta komentatuko dute. Gainera, egilea bera hitzordura batuko dela adierazi dute Leiduko kideek.
☉ Galdakao
Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera
Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.
Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.
Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.
Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.
Andra Mari eta Arratiako Korua
Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.
Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.
Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.































