→Galdakao

Bideoa | Bagabiz Euskara Elkartea sortu eta aurkeztu dute Galdakaon

Euskara Elkartea sortu berri dute Galdakaon. Euskaraldia ekimenaren balorazio “oso ona” egin ostean, “Euskaraldiaren olatuari” jarraipena emateko eratu dute Bagabiz Euskara Elkartea zenbait herritarrek. Horien artean aurkezpenean egon diren Nagore Ferreira, Karmele Arrieta, Aniceto Ajuriagogeaskoa, Garatz Unamunza, Beñat Armentia, Itziar Isasi, Bakarne Begoña, Mari Jose Arriandiaga, Janire Egaña eta Nere Jauregi.

“Inor ez dator inoren izenean. Koordinatzeko, elkartzeko, gauzak batera egiteko, Udalaren aurrean presionatzeko, ideiak elkar trukatzeko, eta batez ere euskara lau haizetara zabaldu nahi dugulako eratu dugu elkartea”, azpimarratu du Karmele Arrietak. Bagabiz Euskara Elkartearen aurkezpena egin dute gaur, ekainaren 13an, Gandasegiko areto nagusian. Bertara 50 lagun inguru gerturatu da, tartean Manu Moreno Euskaltzaleen Topaguneko kidea

Bagabiz! Euskera Elkartearen aurkezpena egin duten herritarrak // Geuria

Elkartearen helburu nagusiak honakoak dira: euskararen erabilera eta presentzia handitzea; Galdakaoko euskal hiztunen komunitatea trinkotzea; euskararen inguruan hausnatzea; sektorearen elkarlana bultzatzea; eta euskaraz ditugun jarrerak aldatzea. Ildo horretan, zenbait jarduera egitea aurreikusten dute elkartetik. Hala nola, komunikazio sarea sortzea; gainontzeko elkarteak laguntzea; euskarazko produktuen kontsumoa bultzatzea; eta euskara ikusgarri egitea. Epe laburrean, Galdakaoko jaietan, Euskararen Egunean eta Euskaraldiako bigarren edizioan jarduerak egitea da Bagabiz Elkartearen asmoa.

50 bat lagun batu dira Gandasegiko areto nagusian // Geuria

Beñat Armentia eta Garatz Unamunza gazteek hausnarketarako bidea zabaldu dute Bagabiz Elkartearen aurkezpen ekitaldian: “Galdakaon ezin da euskaraz bizi. Ezin ditugu gauza handiak egin, baina apurka-apurka lortuko dugu kontzientzia pizten. Gazteak, orokorrean, ez dira gai hamaika egunez ere euskaraz egiteko, eta hori da benetan egin behar dugun hausnarketa. Gazteok aurrerapauso bat eman behar dugu hori aldatzeko”, diote.

Elkartearen parte izan nahi duenarentzako (informazio jasotzeko edota parte hartzeko) bagabiz.elkartea@gmail.com helbide elektronikoa sortu dute. Era berean, izena emateko orriak eskuragai daude AEK Barandiaran Euskaltegian eta Udal Euskaltegian, baita online betetzekoa ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak