☉ Galdakao
Beñat (ikaslea): “EHUk Argentinatik bueltatzeko eskatu zigun, gure itzulera bermatu zuten”
Erasmus programa eten behar izan du Beñat Armentia Arriandiaga galdakoztarrak. Argentinan egon da azken hilabetean, baina koronabirusarengatik, itzulera aurreratu behar izan du.

Erasmus programa eten behar izan du Beñat Armentia Arriandiaga galdakoztarrak. Otsailaren amaieran iritsi zen Buenos Airesera (Argentina) eta uztailera arte mugikortasun programa batean ari zen parte hartzen. Covid-19 koronabirusagatik piztu den krisiaren ondorioz, itzulera aurreratu behar izan du, beste euskal ikasleekin batera. Europako mugak itxita dauden arren, Argentinatik bidaiatzea lortu eta egun luze baten ondoren, Galdakaora heldu berri da.
Koronabirusaren krisiak bete-betean harrapatu zintuen Argentinan.
Egoera berezia zen. Duela pare bat aste mundu paralelo batean bizi ginelakoan nengoen, ingurukoengandik (lagun zein familia) albisteak iristen ari bazitzaizkidan bai niri, baita nirekin batera zebiltzanei ere. Gu bidaiatzen ari ginen bitartean kontua zakartzen hasia zen Euskal Herrian zein periferietan, lagunen esanetan, jada itxialdian. Gu aldiz beste begirada batetik ikusten genuen hau dena, zerbait arrotza, duela pare bat aste barre eta txisteekin aipatzen genuen gaia, bazterrak nahasten hasi zen gure sorterrian, eta aldi berean hona ere iritsiko zelakoan geunden. Hala, egunetik egunera aldatuz joan zen kontua, egin genuen bidaiatik itzuli bezain pronto abisatu baitziguten ez genuela unibertsitaterik izango hilaren amaierara arte.
Aldaketa nabarmenak, beraz.
Bai. Gure egunerokotasunarekin aurrera egin arren, egun batetik bestera aldaketak nabarmenak ziren, denden itxiera, epidemiaren inguruko informazioa helarazten zuten panelak, geroz eta hustuagoak zeuden kaleak… eta hala, duela lau egun, konfinamenduaren agindua iritsi zitzaigun arte. Hasiera batean, bai pisukideok, bai bertan genuen ikasle taldeak, argi geneukan zortzi eguneko epea bertan pasa eta normaltasun osoz jarraituko genuela, baina bat-bateko hainbat kolpe medio (EHUtik iristen zitzaizkigun mezuak, itzultzeko eskatzen, mugak itxiko zituztela esandakoan) denon artean erabaki genuen etxera itzultzea.
Argentinan egoera zelangoa zen eta zelangoa da gaur egun?
Azken egunotan egoera ez da asko aldatu: supermerkatura sartzeko ilara amaigabeak, saltokiak itxita, kaleak hutsik… Hala ere, ez dakit zein izan den enpresei begira gobernuak hartu dituen neurriak, jabe naiz Euskal Herrian ez dela enpresa nagusien itxiera agindu, aitak lanera joaten jarraitzen baitu. Dena den, pasadizo txiki bat: aurreko egunean, itxialdiaren lehen egunean, argia joan zitzaigun auzoan, gaueko hamaikak aldera. Jendearen erantzuna zera izan zen: kalera irtetea, eta errepidea moztea. Berrogei bat lagun ikusi nitzakeen gure leihotik. Gurean ostera, Galdakaon, ez dakit zein izango litzatekeen herritarrek halako kasu baten aurrean izango lukeen erantzuna. Beldurra antzeman zitekeen jendeak botatzen zituen oihu eta biraoetan.
Eta zertan ari zinen Argentinan?
Unibertsitateak eskaintzen duen elkartruke programa batean parte hartzen ari nintzen, Buenos Airesen. Otsaila bukaeran bertara iritsi nintzen, martxoan eskolak hasteko eta utzaila hasieran bukatzeko.
Euskal Herritik zenbat ikasle zeundeten han? Eta Estatutik?
Euskal Herritik zazpi bat. Ni, nire bi pisukideak eta beste hiruzpalau lagun berri ere bai oker ez banago. Espainiar estatutik berriz hogeita hamar bat uste dut, whatsapp talde bat sortu baitzuten eta bertan hogeita hamarretik gora ginelako, baina hamabost bat ginen (gehienak kataluniarrak) arratsaldero elkartzen ginenak.
Egoerak bultzatuta, erabaki duzue Euskal Herrira bueltatzea.
Konfinamenduarekin hasi baino astebete lehenago, gauero etxerik etxe biltzen ginen bertan sortu genuen koadrilatxoa, eta akordatzen naiz gure etxean bildu ginen egun batean Kataluniako bik itzultzea erabaki zutela; kolpe latza, baina hala ere gainontzekook jarraitzeko asmoarekin jarraitzen genuen, irmo. Domino efektuaren antzeko zerbait izan zen hau, pisuz pisu, bata bestearen atzetik. Gure kasuan, mugak itxiko zituztela eta EHUtik itzultzeko eskatu zigutenean erabaki genuen itzultzea, ez zen erraza izan gero.
EHUtik eskatu zizueten, beraz, itzultzeko.
Bai. Ardura eta iniziatiba EHUtik hartu zuten. Gure babesa lehenetsi eta itzulera bermatu ziguten. Onartzen dut gureganako jarrera ona eta positiboa izan duela unibertsitateak. Nire koordinatzaileak izan duen hurbiltasuna, eta behintzat, nirekiko babesa handia izan da. Gainontzeko ikasleek ere berdina esan dute. Skype bidez ibili ginen eurekin harremanetan, zer egin eta zer ez erabakitzen.
Argentinako unibertsitatetik zer esan zizueten?
Agian hasiberriak ginelako eta unibertsitatera joateko aukerarik ere ez nuelako izan, egia da nahiko inkomunikatuta geundela. Adibidez, ni bertako koordinatzailearekin harremanetan nengoen, baina bera ere apur bat galduta zebilen.
Eta, enbajadatik gauzak erraztu dizkizuete?
Bada enbajadari dagokionez, guri behintzat ez digute halako erraztasun handirik eskaini. Izena eman genuen enbajadan, baina bertatik informazio gutxi heldu zitzaigun eta telefono zenbakira deitu arren, ez genuen lortu haiekin berba egitea. Hori nahiko gogorra egin zitzaigun, inkomunikatuta eta bakarrik sentitzen baikinen. EHU kenduta, erakundeei dagokienez, ez genuen inolako laguntzarik jaso.
Zuen kabuz hartu dituzue hegazkinak?
Bai. Hegaldiak begiratu, hurrengo egunerako (herenegun) bat begiz jo genuen, hegazkina Madrilera zihoan. Beraz, lehenbailehen hegaldi hori hartzea erabaki genuen, agian hortik aurrera ez zelako besterik egongo. Orduan, Iberiara deitu eta arazo barik hartu genituen txartelak.
Europako mugak itxita dauden arren, Argentinatik itzultzea lortu duzue.
Hala da. Beldurra genuen hegaldia bertan behera geratzeko, baina azkenean bidaiatzeko arazorik ez. Hori bai, hegazkinean igartzen zen jendearen artean beldurra eta tentsioa bazegoela. Bestetik, Espainiar Estatukoak izanda, guregan zuten jarrera Argentinan ez zen izan egokiena. Are gehiago, esango nuke lehen aldiz sentitu nituela nirekiko arrazismo kutsuak. Adibidez, taxira igotzerakoan, gidariarengandik horrelakoak entzun genituen: ‘Noiz iritsi zarete?’, ‘Ez niri gezurretan ibili’, ‘Gezurretan bazabiltzate, arazoak izango dituzue’ eta halako beste hainbeste. Hala ere, itzultzea lortu dugu, beste batzuk ez bezala. Esaterako, Perun dagoen lagun bat ezin izan da itzuli, Peruko mugak itxi dituztelako.
Erasmus programari dagokienez, orain zer?
Egoera lasaitzen denean, itzuliko direla esan dute batzuk. Nire kasuan, ez daukat oraindik honen berririk, baina nik uste hurrengo urterako Erasmusen aukera behintzat itxita egongo dela. Aurten izango litzateke aukera hori. Ez nuke esango aukera galdu bat izan denik, denon onerako hartu dugun erabakia izan delako, baina egia da aukera bakarra edo bakarrenetarikoa izan dela, eta pena dela hau guztia aprobetxatu ez izana. Datorren urtera begira, beste aukera bat izango litzateke Espainiar estatutik Sicue programa egitea.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.
☉ Galdakao
Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.
Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.
“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.
Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.
Digitalizazioaren garrantzia
Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI
“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.
Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.
Ylioppilastutkinto azterketa
Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.
“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.
Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.
“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.
Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.









