☉ Galdakao
Galdakaoko Berbalagunek jaietako ohiko topaketa egingo dute proiektua hurbiletik ezagutarazteko
Aurten 13. ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagun ekimenak eta, euskararen sarea ehuntzen jarraitzeko berbalagun berrien bila ari dira.

Ikasturte berria hasiko du laster Galdakaoko Berbalagun ekimenak. Aurten 13. ikasturtea izango da eta, euskararen sarea ehuntzen jarraitzeko berbalagun berrien bila ari dira: “Iazko 15 talde eta 100 kide pasatxoei lagun berriak batzea nahi dugu. Praktikatu eta bizi! lemapean, gurekin batera euskaraz gozatzeko gonbitea egiten dizuegu”, diote Galdakaoko Berbalagun ekimeneko arduradunek.
Proiektua hurbiletik ezagutzeko, Galdakaoko Berbalagunek jaietako ohiko topaketa egingo dute irailaren 12an, asteazkenez, 19:00etatik aurrera txosnagunean: “Poteo honek aurten matrikulatu den jendeari nahiz proiektua hurbiletik ezagutu nahi duen orori ongi etorria egiteko antolatzen dugu. Beraz, ez pentsatu bitan eta zatoz gurekin ondo pasatzera!”, diote.
Urrian, taldeak martxan
Berbalagunen parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago irailean zehar. Doakoa da eta interesdunek egitasmoa sustatzen duten edozein erakunderengana jotzea dute: Galdakaoko AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia edo Udaleko Euskara Zerbitzua (Torrezabal Kultur Etxean). Era berean, 607 632 345 telefono zenbakia eta galdakao_berba@aek.eus helbide elektronikoa ere erabilgarri daude izena emateko. Berbalagun taldeak martxan hasiko dira urriko lehen astetik aurrera. Informazio gehiagorako hegouribe.blogspot.com bloga ere badute.
“Ikasitakoa praktikan jartzea ezinbesteko kontua da hizkuntza bat barneratzeko. Euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du Berbalagun doako eskaintza honetan izena ematen duenak”, diote Galdakaoko Berbalagunetik: “Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, kolore guztietako herritarrak nahi eta behar ditugu: euskaldun zaharra zein euskaldun berria; gaztea zein edadeko jendea; euskaltegiko ikaslea zein ikasle ohia… Euskaraz gozatu nahi duen edonork du lekua gurean. Gainera, partaideek AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago jasotzeko aukera izango dute”, diote.
☉ Galdakao
Katixa Agirre Galdakaon izango da otsailaren 9an Leidu Irakurketa Taldearen hitzorduan
Idazle gasteiztarraren ‘Barne zerbitzuak’ nobela komentatuko dute otsaileko hitzorduan: 1937-1943 urteetan oinarritutako thrillerra

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urteko bigarren hitzordua zehaztu du: otsailaren 9an, astelehenez, batuko dira Peña Santa Cruz elkartearen lokalean 18:30ean.
Katixa Agirre Miguelez idazlearen ‘Barne zerbitzuak’ eleberria aztertu eta komentatuko dute. Gainera, egilea bera hitzordura batuko dela adierazi dute Leiduko kideek.
☉ Galdakao
Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera
Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.
Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.
Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.
Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.
Andra Mari eta Arratiako Korua
Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.
Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.
Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.

































