→Galdakao

Berdintasun eta ahalduntze eskola Galdakaon eraikitzeko proiektua bultzatu du Udalak

basauri marienea m8 greba feminista prestatzen 2018 asanblada irekia

Galdakaok Emakumeen Etxea eraiki nahi du. Galdakaoko Udalak kontratazio-prozesu bat bultzatu du eskola diseinatu eta kudeatzeko.

Basauriko Emakumeen Etxean asablada batean // Argazkia: Marienea

Galdakaok Emakumeen Etxea eraiki nahi du, berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea oinarri duen eskola. Gauzak horrela, Galdakaoko Udalaren Berdintasun arloak kontratazio-prozesu bat bultzatu du eskola diseinatu eta kudeatzeko. Kontratuaren balio estimatua 94.936 eurokoa da, bi urterako.

“Berdintasun eta ahalduntze eskola proiektu integrala izan behar da, emakumeen ahalduntzea sustatzen saiatzeko. Alegia, eraldaketa sozialerako kontzientziatu, ikasi eta tresnak eskuratzeko prozesua”, diote udal ordezkariek.

Ahalduntze indibiduala eta kolektiboa

Eskola honekin ahalduntze indibiduala eta kolektiboa bilatu nahi du Galdakaoko Udalak. “Izan ere, ez da nahikoa aldaketak maila subjektiboan eta pertsonalean egitea. Aitzitik, maila kolektiboan ere izatea behar-beharrezkoa da, sareak sortuz eta parte-hartze sozialaren bitartez”, diote udal ordezkariek. “Emakumeei zuzendutako ahalduntze eskola bat sortu nahi dugu Galdakaon, Basaurin Marienea edota Ermuan Emakumeen Topalekua duten bezala”, adierazi zuen Ibon Uribe Galdakaoko alkateak martxoan, udal aurrekontuaren zirriborroaren aurkezpenean.

Eskolak hiru ardatz izango ditu: prestakuntza, elkartrukea eta solidaritatea, guztia ikuspegi feministatik garaturik. Programaren iraupena bi urtekoa izango da, eta programatuko diren ikastaroak eta jarduerak urritik maiatzera bitartean antolatuko dira. Antolatuko dituzten jardueren artean daude: ikastaroak eta tailerrak; Galdakaoko asoziazionismo feminista eta emakumeak bizitza sozialera, kulturalera eta polikora sartu daitezen sustatzeko ekintzak (esperientziak koordinatzeko eta elkartrukatzeko sarea sortzeko proposamena); eta, emakumeen ekarpenak ikusgarri egiteko ekintzak (erakusketa, hitzaldiak edota topaketak).

Galdakaoko Emakumeen Etxea eraikitzeko proposamena aurtengo aurrekontuaren zirriborroaren aurkezpenean zabaldu zuen udal gobernu taldeak. 2018ko aurrekontuaren zirriborrotik kanpo geratu zen proiektu hau, baina datozen urteetan betetzekoen artean dago. Galdakaoko Emakumeen Etxea, Andraenea, eraikitzea 500.000 euroko kostua izango zuela adierazi zuen Uribek. “Andraenea ez da behin betiko izena izango: parte-hartze prozesu bat zabalduko dugu herritarren artean izen definitiboa adosteko. Lehendakari Agirre plazan eraikiko dugu, haurreskolarekin simetrikoki”, jakinarazi zuen orduan Uribek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak