→Galdakao

Argazkiak | Maria Eugenia Gortazar bitxigileak jaso du Galdakaoko III. Berdintasun Saria

Martxoaren 21ean, ostegunez, banatu dute Galdakaoko III. Berdintasun Saria. Aurten Maria Eugenia Gortazar bitxigile galdakoztarrak jaso du garaikurra.

Maria Eugenia Gortazar sariduna eta Begoña Ormaetxe Berdintasun arloko zinegotzia // Argazkia: Geuria

Martxoaren 21ean, ostegunez, banatu dute Galdakaoko III. Berdintasun Saria. Aurten Maria Eugenia Gortazar bitxigile galdakoztarrak jaso du garaikurra Torrezabal Kultur Etxean egin duten ekitaldian. Sariduna “aho batez” aukeratu du epaimahaiak. Gortazarrekin batera, III. Berdintasun Saria jasotzeko hauatagaiak izan dira Argizai Eskaut Taldea eta Galdakaoko Ostalaritza Eskola.

Maria Eugenia Gortazar Zuluaga eta Eguzkilore bitxitegien fundatzailea da. Besteak beste, #8Morea ekimen solidarioa eratu zuen Gortazarrek iaz Eguzkilore markaren barruan eta emakumearen eta feminismoaren sinboloarekin bitxiak diseinatu zituzten. Saldutako bitxiekin lortzen duten dirua berdintasunaren alde egiten duten erakunde bati ematen diote urtero (iaz Erabide Emakumeen Elkarteari eman zioten). Era berean, Zuloaga bitxidenda familiako enpresan Berdintasun Plana ezartzea bultzatu zuen Gortazarrek.

Gala Begoña Ormaetxe Berdintasun arloko zinegotziak aurkeztu du eta Loli Astoreka, Gemma Martinez eta Sol Maguna aktoreen laguntza izan du, baita Garazi Navas Usansoloko akordeoilariarena ere. Aurreko edizioetan Erabide Emakumeen Elkarteak eta Patri Espinar pilotariak jaso dute Berdintasun Saria.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak