☉ Galdakao
Santakurtzetan bortxaketa jasan duela salatu du Galdakaoko emakume batek
Emakume batek Galdakaoko jaietan bortxaketa jasan zuela salatu du. Galdakaoko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du irailaren 27an, ostegunez.
Emakume batek Galdakaoko jaietan bortxaketa jasan zuela salatu du. Gertaera ustez jaietako bigarren asteburuan izan zen. Galdakaoko Mugimendu Feministak jakinarazi duenez, irailaren 27an, ostegunez, 20:00etan elkarretaratzea deitu du Iturriondo plazan: “Gertaera hori gaitzesteko eta biktimari gure babes osoa emateko, irailaren 27an 20:00etan prentsaurreko masibo bat egingo dugu Galdakaoko Iturriondo plazan”, diote Galdakaoko Mugimendu Feministatik: “Bertara hurbiltzera gonbidatzen zaituztegu ahalik eta jende gehienak jakin dezan gure herrian ez dugula inolako eraso matxistarik onartuko”.
Galdakaoko Udaleko taldeek bozeramaileen batzarra egin dute gaur eta, besteak beste, gai honi heldu diote. “Galdakaoko Udalak, eta talde politiko guztiak aho batez, erabateko gaitzespena adierazi gura dogu udalerrian salatu dan erasoaren aurrean eta biktimari eta ingurukoei babesa eskaini deutsie. Udaletik diotenez, “kasuaren berri izan dugun momentutik eta gaiari buruzko ikuspegi osoagoa eta zehatzagoa izateko informazioa kontrastatu ondoren, Protokoloa aktibatu dugu eta presako bilera deitu dugu, informazio osoa izateko eta erantzun instituzioanala eta biktimaren arreta koordinatzeko”, diote zabaldu duten prentsa-oharrean. Galdakaoko Udalak bat egingo du udalerriko Mugimendu Feministak deitutako kontzentrazioarekin. Galdakaoko EH Bilduk batzarrean eskatu du Udala herri akusazio bezala aurkeztea.

Orain dela bi urte, 2016ko santakurtzetan, emakume batek eraso sexista jasan zuen Galdakaoko Txosnagunean. Iaz ez zen eraso sexistarik gertatu Galdakaoko jaietan.
☉ Galdakao
Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!
☉ Galdakao
Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.
☉ Galdakao
Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean
Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.
Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.
“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.
Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.
“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.
Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.
☉ Galdakao
Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean
Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.
Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.
Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.
“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao Gela TEk mendiko aulki egokitua entregatu dio Bizkaiko Mendi Federazioari

Galdakao Gela Txirrindulari Elkarteak bere bosgarren erronka solidarioa burutu du. Aurten mendiko aulki egokitua lortu dute eta atzo, urriak 29, aurkezpena egin zuten Gandasegin.
Proiektua Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Halaber, Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute; haiek arduratuko dira aulkiaren erabilera kudeatzeaz eta behar gehien duten pertsonen eskura jartzeaz.
“Azken batean, inklusioaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso kolektiboa da, eta horri esker aniztasun funtzionala duten haurrek zein nagusiek mendiaz eta naturaz segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko aukera izango dute”, esan zuen Igor Anton Gela TEko arduradunak.
Aulki egokitua Bizkaiko Mendi Federazioari emateaz gain, hitzaldi interesgarriak egon ziren: Kepa Lizarraga, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta mendizale galdakoztarra; Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea; eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, istripu baten ostean bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.
Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidentea (galdakoztarra hau ere) eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egitua Federazioko presidentea (Etxebarrikoa hau) ere egon ziren aurkezpenean.



























































