→Galdakao

Bosgarren edukiontzia Galdakaoko 9 auzotara hedatuko da aurten

galdakao bosgarren edukiontzia 2017 edukiontzi marroia

Aperribai, Bengoetxe, Zuhatzaurre, Urtebieta, Kurtzea, Egia, Elexalde, Gorosibai eta Usansolo auzoetara zabalduko dute bilketa organikoa egiteko kanpaina.

Aperribai, Bengoetxe, Zuhatzaurre, Urtebieta, Kurtzea, Egia, Elexalde, Gorosibai eta Usansolo auzoetara zabalduko dituzte bilketa organikoa egiteko ohiko edukiontziak

Bilketa organikoa bultzatzen jarraitzeko kanpaina Galdakaoko auzoetara hedatuko da ekainetik aurrera. Hain zuzen, Aperribai, Bengoetxe, Zuhatzaurre, Urtebieta, Kurtzeko zati bat, Egia, Elexalde, Gorosibai eta Usansoloko herritarrek aukera izango dute edukiontzi marroia erabiltzeko eta ondorioz hondakin begetalak (gordinak zein kozinatuak) batu eta kalitatezko konpost bihurtzeko.

Bilketa pneumatikoa behin udalerrian ezarrita, oraingoan ohiko edukiontziak jarriko dituzte (ekainaren 22tik aurrera). Honakoa, bosgarren edukiontziaren hirugarren fasea da. Galdakaoko Udalak 113.000 euroko inbertsioa egingo du eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jasoko du.

Bosgarren edukiontzia erabili ahal izateko interesdunek izena eman beharko dute aurretiaz. Horretarako herritarrek hiru bide dituzte: auzo bakoitzeko portaletan jarri dituzten karteletan izen-abizenak jarriz, 900 102 716 telefonora deituz (doan) edo www.galdakaoedukiontzimarroia.com webgunearen bidez. Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 26ra arte.

Bilketa organikoa egiteko izena emanez gero, bakoitzak material hauek jasoko ditu doan etxean: tamaina txikiko kubo aireztatua (10 litrokoa), poltsa konpostagarriak, kalean egongo den edukiontzi marroia irekitzeko txartela eta informazio liburuxka.

HITZALDI INFORMATZAILEAK, EKAINEAN

Kanpaina honi buruzko informazioa emateko zenbait hitzaldi antolatu ditu Udalak: ekainaren 20an, asteartez, Aperribaiko eskolan (18:ooetan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz) eta Usansoloko Txapelena baserrian (20:00etan euskaraz eta 20:30ean gaztelaniaz), eta ekainaren 22an, ostegunez, Bengoetxeko nagusien egoitzan (18:ooetan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz) eta Torrezabal Kultur Etxean (20:00etan euskaraz eta 20:30ean gaztelaniaz).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak