→Galdakao

Galdakaoko Burdin Hesiaren ibilbidean zazpi panel informatibo berri jarri dituzte

Burdin Hesia defentsa-lerroaren ondarea ezagutarazteko Galdakaoko ibilbideetan 7 panel informatibo eta 50 orientazio-seinale berri jarri dituzte.

Iaz aurkeztu zituzten Galdakaon Burdin Hesiaren ibilbideak // Argazkia: Geuria

Burdin Hesia defentsa-lerroaren ondarea ezagutarazteko ibilbideetan seinalizazio eta orientazio lan berriak zabaldu ditu Galdakaoko Udalak. Hain zuzen ere, hiru ibilbideetako batean zazpi panel informatibo gehitu dituzte, Burdin Hesiko mugarri desberdinei buruzko informazioa jasotzen dutenak. Era berean, 50 orientazio-seinale inguru instalatu dituzte.

Panel informatiboek ondoko gaiak jasotzen dituzte: herritarrentzako babeslekua, lubakia, lubaki estalia, metrailadore-habia, babesleku militarra eta gotorlekua fusilarientzako galeriekin. Joan den apirilean 1937ko lubaki estali bat berreraiki zuten Galdakaon, Altamira auzoan.

Panel hauek Galdakao Gogora, Galdakaoko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuaren arteko lankidetzaren emaitza dira. 2018ko otsailean Burdin Hesiaren ondarea bisitatzeko ibilbideak aurkeztu zituzten Galdakaon, Memoria Historikoa berreskuratzeko bidean. Galdakao izan da horrelako seinaleak ipini dituen 33 euskal udalerrietako lehenengoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak