→Galdakao

Da Capo Musika Banda, urte luzez Galdakao eta inguruko herriei kalitatezko soinu banda jartzen

Dinamita lantegian du hazia musika bandak eta Bizkaiko bandarik zaharrenetakoa da Galdakaokoa. 1887an jarri zuten martxan eta ordutik hamaika forma hartu baditu ere, ez dio inoiz kalitatezko musikari hutsik egin.

Galdakaoko Da Capo musika banda, La Pamplonesari eginiko omenaldian / Da Capo

Joan den asteburuan La Pamplonesa musika banda omentzeko Iruñean antolatu zuten kontzertu erraldoian parte hartu zuen Galdakaoko Da Capo Musika Bandak. Dinamita lantegian du hazia musika bandak eta Bizkaiko bandarik zaharrenetakoa da Galdakaokoa. 1887an jarri zuten martxan eta ordutik hamaika forma hartu baditu ere, ez dio inoiz kalitatezko musikari hutsik egin.

Izan duen ibilbide luze eta arrakastatsuari patxadaz eta harro begiratzeko mugarri garrantzitsua izan zen Iruñako kontzertua Galdakaoko Da Capo Musika Bandarentzat. Zezen plaza lepo beteta, Estatuko zein nazioarteko 80 bandarekin eta 3.000 musikari baino gehiagorekin jotzeko aukera izan zuen Da Capok. “Izugarria izan zen egun horretan bizitakoa. Olinpiar Jokoetan bezala sartu ginen zezen plara, desfilean, gure armarriarekin eta gure musikarekin. Plaza jendez gainezka zegoen eta izugarri pozgarria izan zen ikustea herrietako musika bandak bizi bizirik gaudela eta herritarrek gure musikarekin asko gozatzen dutela”, dio Aitor Aburto bandako kideak.

La Pamplonesak 100 urteko ibilbidean lagun izan dituen musika bandak izan ziren bertan, eta Galdakaokoak zer esan handia du horretan. 1918an herrien arteko musika banden txapelketa ospatu zuten Iruñean ,eta horretan izan zen Galdakaokoa ere. Gerora, txapelketa horrek utzitako zapore goxoari helduta eta inguruko herriek zituzten goi mailako musika bandak ikusita, La Pamplonesa sortzea erabaki zuten Iruñean.

Iruñako zezen plaza, lepo beteta, La Pamplonesaren 100. urteurrenean / Da Capo

Zezen plazako desfilea eta kontzertua baino lehen, Misericordia Etxean kontzertua eskaini zuen Da Capok eta kalejira egin zuen ere Iruñako kaleetatik.

Miserikordia Etxean eskainitako kontzertua / Da Capo

Kalejira Iruñako kaleetatik / Da Capo

Luis Orduña, Da Caporen zuzendari berria

Errepertorioa berritu eta ohiko kalejira eta auzo zein herritako jaietan egiten dituzten kontzertuez haratago, ekitaldi formalagoak bilatzeko konpromiso irmoa azaldu zuen duela bost urte Galdakaoko Da Capo Elkarteak, bandena propioa den errepertorio formala berreskuratzea, alegia. Ane Legarreta zuzendariak hartu zuen bere garain eraldaketa gauzatzeko ardura eta Luis Orduña bandako zuzendari berriak jarraituko du horretan. Ekainaren 29an egingo izango da Luis Orduñaren aurkezpen kontzertua, Torrezabalen, 13:00etan, doan.

Ane Legarreta galdakoztarraren lekukoa hartuko du Luis Orduña zuzendariak. Argazkian, Legarretaren agur kontzertua / Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak