→Galdakao

Dispertsio-politikaren kontrako mozioa onartu du Galdakaoko Udalak

galdakao santakurtzak presoak 2015 manifestazioa

Presoen urruntze politikarekin “desadostasuna” adierazi dute Galdakaoko udaltalde gehienek. Gaur egun, Galdakaoko 9 preso daude dispertsatuta.

2015eko santakurtzetan dispertsioaren kontra egin zuten agerraldia // Argazkia: Geuria

Galdakaoko udalbatzak dispertsio-politikaren kontrako mozioa onartu du irailaren 27an ospatutako osoko bilkuran. Horren bitartez, presoen urruntze politikarekin “desadostasuna” adierazi dute udaltalde gehienek. Gaur egun, Galdakaoko 9 preso daude dispertsatuta, 760 eta 1050 kilometro artean.

Mozioak dioenaren arabera, “ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste dugu espetxe-poltika berri bat behar dela. Hain zuzen ere presoak zigorrak gizarte eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubidearen alde”.

EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria eta Galdakao Irabazi udaltalde politikoek Sare plataformaren mozioa aurkeztu dute eta EAJk eta PSEk babestu dute. PPk kontrako botoa eman du.

Batzar Nagusien babesa

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Batzar Nagusiek babesa erakutsi diote Sareren mozioari, 2016ko abenduaren 14an Gipuzkoan, 2017ko ekainaren 7an Bizkaian eta 2018ko apirilaren 18an Araban onartuta. Era berean, EAEko sindikatu guztiek aho batez onetsi dute mozio bera (ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde.

2017ko urtarrilean dispertsio-politikaren inguruko dokumentua onartu zuen Galdakaoko udalbatzak. Dokumentu horren arabera, Udalak Espetxe Erakundeari eskatzen zion presoen urruntze-politika bertan behera uzteko. Dokumentu horrek EH Bilduren (dokumentua EH Bilduk berak aurkeztu zuen), EAJren, Galdakao Orainen, UHren eta Irabaziren aldeko botoa izan zuen, eta alderdi sozialistak eta alderdi popularrak kontran bozkatu zuten.

Hego Uribe eskualdean, Arrigorriagako Udalak dispertsioaren kontrako mozioa onartu zuen aho batez joan den ekainean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak