→Galdakao

Koru-Rock fusioa ekarriko du Earth Songs Project ekimenak Galdakaora

Rock kontzertua izango da urtarrilaren 19an Galdakaon. Rock indartsuko banda bat eta ahots zurien bi abesbatz batzen baititu Earth Songs proiektuak.

Earth Songs Project

Rock kontzertua izango da urtarrilaren 19an, larunbatez, Galdakaon. Hain zuzen ere, Earth Songs Project kontzertua izango da Torrezabal Kultur Etxean 19:00etatik aurrera. Ez da ohiko rock kontzertua izango, rock indartsuko banda bat eta ahots zurien bi abesbatz (Lilura Abesbatza eta Eskuz Esku Abesbatza) batzen baititu Earth Songs proiektuak. “Betiko rockaren 15 kantu klasiko interpretatuko dira eszenatoki gainean. Hala nola, Led Zeppelin, Queen, Pink Floyd, Supertramp, Joe Cocker edota Michael Jackson-en abestirik ezagunenak interpretatuko dituzte”, dio Rafa Zuloaga Earth Songs Project-en koordinatzaileak.

Guztira, 10 eta 70 urte bitarteko 50 lagun inguru igoko dira eszenatokira. “Espektakulu bakarra eta zirraragarria da. Betiko rockarekin zerbait ezberdina, freskoa eta indartsua egiten dugu. Show bat da”, dio Zuloagak.

Gaur aurkeztu dute Earth Songs Project kontzertua Galdakaon // Argazkia: Geuria

Telonero bezala Samoah talde getxostarra arituko da Torrezabalen. “Nikola taldeko bateria Earth Song Project-en bateria ere bada eta aukera aprobetxatuta, Samoah-ren azken diska aurkeztuko dute”. dio Zuloagak. Samoah bandak Fight! diskoa aurkeztuko du.

Emakumeen presentzia

“Sei musikariez gain, abesbatzako 44 kide daude, 10 eta 70 urte bitartekoak”, dio Zuloagak. Batez ere, emakumeen presentzia nabarmendu du Ainhoa Agirregoikoa Galdakaoko Udaleko Kultura arloko zinegotziak. Izan ere, Eskuz Esku Abesbatzako kideak emakumeak dira eta Earth Song proiektuan 22k parte hartzen dute (guztira 40 kidez osatuta dago Eskuz Esku Abesbatza). Lilura Abesbatza umeen abesbatza da eta beste 22 kideren partaidetza du proiektu horretan. “Aipatzekoa da bi abesbatzon zuzendaria emakumea ere badela: Mariasun Yanguas”, dio Esther Zarraga Eskuz Esku Abesbatzako kideak.

Sarrerak dagoeneko salgai daude udal webgunearen bitartez eta Torrezabalen. Kontzertua eserita ikustekoa izango da, beraz 400 sarrera egongo dira salgai. Sarrera orokorra 15 euroan dago salgai, bazkideek 11,25 euro ordainduko dituzte eta umeek 4 euro. Kontzertuaren egunean bertan ere sarrerak erosteko aukera egongo da, kontzertua hasi baino ordubete lehenago.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak