→Galdakao

Eguzkibegi Ikastolak Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso du

galdakao eguzkibegi ikastola 2018 eskola jasangarria ziurtagiria argazkia irekia

Eguzkibegi Ikastola Eskola Jasangarriaren aitorpena jaso duen zortzi ikastetxe berrien artean dago eta beste 22 ikastetxek konpromisoa berriztu dute.

Eguzkibegi Ikastolako eta Galdakaoko Udaleko ordezkariak Eskola Jasangarria ziurtagirien banaketan // Irekia

Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso du. Eusko Jaurlaritzako Eskola Agenda 21 programak banatzen ditu diplomak eta aurten Euskadiko 21 udalerrietako 30 ikastetxeri eman diote. Hego Uribe eskualdetik saria jaso duen ikastetxe bakarra izan da Galdakaokoa. Ziurtagiri honek ikasleen artean jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzea dituzten ikastetxeak saritzen ditu, Eskola Agenda 21 programan parte hartzen dutenak.

Eguzkibegi Ikastola Eskola Jasangarriaren aitorpena jaso duen zortzi ikastetxe berrien artean dago eta beste 22 ikastetxek konpromisoa berriztu dute beste lau urterako. “Harro gaude, Eguzkibegik, udalerriko ikastexea den aldetik, aitorpen hori lortzea, norabide onean lan egiten dutela eta era sistematizatuan egin dutela berretsiz. Horregatik, beste ikastetxeak ere animatzen ditugu Eguzkibegik hartutako bideari ekin diezaioten, guztion artean, Galdakao hobea lortu dezagun”, dio Ibon Uribe alkateak. Uriberekin batera sari banaketan izan da Ruben Seoane Jasangarritasun eta Parte-hartze arloko zinegotzia. Diplomen banaketa ekainaren 5ean izan da Busturiako Ekoetxea Urdaibain. Bertan ere izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Iñaki Arriola Ingurumeneko sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua.

Euskadiko 98 ikastetxek, haietatik 5 Lanbide Heziketakoek, dute Eskola Jasangarria ziurtagiria. Ikastetxe horiek IRAES 21-jasangarritasunaren aldeko eskola-sarean daude, eta bertan batera bultzatzen dute irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek jasangarritasunerako hezkuntza.

Merkataritza bidezkoaren aldeko eskola

Eskola Jasangarriaren ziurtagiria jasotzeaz gain, Eguzkibegi Ikastolak Merkataritza Bidezkoaren aldeko Eskolaren aitortza ere izan du, Proyde-Prodega fundazioak banatuta. Eguzkibegi Ikastola aitorpen hau lortzen duen Bizkaiko lehenengo ikastetxea da.

Aitorpen horren bidez egiaztatzen da ikastetxeak Bidezko Merkataritzaren aldeko Ikastetxea izateko lau irizpideak betetzen dituela. Horiek dira: eskolako lan-talde bat izatea; bidezko merkataritzaren aldeko politika idaztea eta izatea; ikastetxe barruan Bidezko Merkataritzako produktuak sustatzea eta erabiltzea; eta Bidezko Merkataritzaz sentsibilizatzea laneko tailerren bitartez.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|