→Galdakao

Dinamitako emakumeek Galdakaoko garapen ekonomikoan ere lagundu zuten

Torrezabal Kultur Etxeak Emakume dinamitariak argazki erakusketa hartuko du martxoaren 12tik 23ra bitartean, astelehenetik ostiralera.

Dinamita enpresako emakumeei buruzko argazki erakusketa izango da Torrezabalen martxoaren 23ra arte // Geuria

Torrezabal Kultur Etxeak Emakume dinamitariak argazki erakusketa hartuko du martxoaren 12tik 23ra bitartean (astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era). Dinamita enpresan -gaur egun, Maxam- urteetan zehar lan egin zuten emakumeak gogorarazi nahi dituzte erakusketa honekin, baita gaur egun enpresan beharrean ari direnak ere. Erakusketa sasoiko argazkiz osatuta dago eta irudiei lotutako informazioa ere badakar. “Galdakaoko garapen ekonomikoan emakumeek bete zuten papera ahanzturaren zulotik atera gura dugu, hain zuzen ere, udalerriko historiari berari lotuta dagoen enpresan lan eginez, Galdakaoko ekonomiaren, jendartearen eta familien garapenean lagundu zutelako“, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak.

1872ko urriaren 12an zabaldu zituen ateak Dinamita enpresak Galdakaon (1866an Alfred Nobelek Dinamita patentatu zuen) eta laster, 2022. urtean, 150 urte beteko ditu herrian. “Garai haietan 70 behargin baino ez zituen Dinamitak Galdakaon. Santa Marina mendi magalean zeunden instalazioak eta 10 urte ondoren, Zuhatzu auzoan errotu egin zen, gaur egun dagoen leku berean“, dio Lucas Ferreira Maxam Fundazioko ordezkariak. Gaur egun 550 langile inguru ditu lantegiak: “Lantegiak berdintasunaren alde egiten du eta lantaldeko %50a emakumeek osatzen dute. Ekoizpen-postuak ez ezik kudeaketa, teknika, ingenieritza eta goi-zuzendaritzako postuak ere betetzen dituzte emakumeek“, dio Oscar Maza Galdakaoko Maxam enpresako zuzendariak.

Lekuko zuzenak

Teresa Guerrero eta Conchi Corral Dinamita enpresan lan egin dute eta erakusketaren aurkezpenean ere izan dira. Lantegian “onartuak, babestuak eta baloratuak” sentitu direla azpimarrratu dute. Guerrerok 37 urte eman ditu Dinamitan: “1975ean sartu nintzen Dinamitan lan egitera eta 2012an erretiroa hartu nuen. Emakumeok gizonek beste lan egiten genuen, desberdintasunik gabe. Oso gustura geunden“, dio galdakoztarrak.

Corral 1974an sartu zen enpresara eta bertan 31 urte eman ditu, 2005era arte. “Gizarte laguntzaile bezala kontratatu ninduten. Hau da, gaur egun giza baliabideen kudeaketa dena. Garai haietan gizarte laguntzailearen lana ez zen enpresara soilik egokitzen, baizik eta egoera pertsonalera ere: langileen eta euren familien arteko kolaborazioan ere esku hartzen genuen. Besteak beste, langileen seme-alabak Dinamitaren baitan zegoen eskolan matrikulatzen zituzten edo langileentzako ikastaroak antolatzen ziren“, dio Corralek.

Conchi Corralek gogora ere ekarri du Emilia Linares dinamitaria. 1970ean sartu zen lantegira lan egitera: “Ni bezala, gizarte laguntzaile bezala kontratatu zuten eta Madrilen lan egiteko aukera eskaini zioten. Bertan prestakuntza jaso zuen eta langileen eta euren senideen arteko kontziliazioan lagundu zuen“, dio Corralek.

galdakao emakume dinamitariak 2018 argazki erakusketa 1

Teresa Guerrero eta Conchi Corral dinamitariak, Maxam lantegiko eta Udaleko ordezkariekin // Geuria

Emakume dinamitarien plaza

Dinamita lantegiko emakumeak omentzeari dagokion ekimen honen barruan, martxoaren 21n, asteazkenez, Emakume dinamitarien plaza inauguratuko dute Galdakaon, Altzadi plaza ondoan egiten ari diren urbanizazio berrian. Ekitaldia 19:00etan izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak