Sareak

☉ Galdakao

Dinamita fabrikako emakumeak aintzat hartuko ditu Galdakaok

Alzadi plaza ondoan eraikitzen ari diren urbanizazio berrian egingo den espazio publikoak hartuko du Emakume Dinamitarien plaza izena.

|

galdakao martxoak 8 2017 romualda zuloaga plaza 10
Iaz inauguratu zuten Romualda Zuloaga Artetxe plaza Urreta auzoan // Geuria

Emakumeek egindako ekarpenak aitortzea bilatzen du Galdakaoko Udalak. Zentzu horretan, kale-izendegian emakumeen presentzia areagotuko du eta martxoan emakumeekin zerikusia duen beste plaza bat inauguratuko dute. Zehazki, Emakume Dinamitarien plaza agertuko da hemendik aurrera Galdakaoko kale-izendegian.

Alzadi plaza ondoan eraikitzen ari diren urbanizazio berrian egingo den espazio publikoak hartuko du Emakume Dinamitarien plaza izena eta martxoaren 21ean, asteazkenez, inauguratuko dute jendaurrean, 19:00etatik aurrera. Martxoak 8-Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren inguruan Udalak antolatu duen egitarauaren markoan prestatu dute ekitaldia.

Parte-hartze prozesua

2016ko urte amaieran herritarren parte-hartze prozesua abiarazi zuen Udalak kale-izendegia emakumeen alde aldatzeko. Herritarrek hiru izen aukeratu zituzten: Romualda Zuloaga Artetxe (283 boto, %56,6), Emakume dinamitariak (185 boto, %35), Emakumeen kalea edo plaza (128 boto, %24,7), eta Kontxi Belandia Lekue (123 boto, %23,7). Iaz Romualda Zuloaga Artetxe izena eman zioten Urretako plazari.

Begoña Ormaetxe Berdintasun arloko zinegotziak dioenez, “ekimen horren arrazoia da gure historian arrastoa utzi duten emakumeen izenak ikusarazteko bultzada ematea. Eta zer hobe kale-izendegiaren bitartez egitea baino, eurek utzi diguten legatua oroimen kolektiboan txertatuta geratu daiten, betiko“.

☉ Galdakao

Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

|

Jose Mari Argoitia // Argazkia: Athletic Club

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.

Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.

1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.

“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.

Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek

Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

|

Galdakao app-a // Galdakaoko Udala

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.

“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.

Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.

“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.

Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.

Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.

“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an

Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

|

2014an inauguratu zuten gaur egungo Batzokia Iturrondo plazan // Argazkia: EAJ

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.

Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

|

Torrezabaleko estalkia berritzeko lanak, abuztuan // Geuria

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.

Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.

Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.

Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek

Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

|

Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz Elexaldeko irakasleek job shadowing delakoa egin dute Helsinkiko Märsky ikastetxean // Argazkia: Elexalde BHI

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.

Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.

“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.

Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.

Digitalizazioaren garrantzia

Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI

“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.

Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.

Ylioppilastutkinto azterketa

Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.

“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.

Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.

“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.

Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.

Osorik irakurri