→Galdakao

Emakumezkoen binakako txapelketa Galdakaon hasiko da

emakume master cup 2017 argazkia emc
Iaz Hego Uribeko zortzi pilotarik hartu zuen parte // Argazkia: Emakume Master Cup (2017)

Eskuz Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren hirugarren edizioari ekingo diote urtarrilean. Hain zuzen ere, hileko azken asteburuan hasiko da txapelketa Galdakaon, eta baliteke -izen emateen arabera- udalerriko lau frontoiak erabiltzea lehen kanporaketarako: Galdakaoko hirurak eta Usansolokoa. Sailkapen fasea urtarrila eta otsaila bitartean izango da Bizkaiko frontoi ezberdinetan, finalerdiak martxoaren 10ean jokatuko dira Errenterian, eta finalak Zumarragan izango da martxoaren 17an.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere promozio eta lehen mailako partidak izango dira, eta dagoeneko zabaldu dute txapelketan parte hartzeko izena emateko epea, urtarrilaren 13ra arte. “Lehiaketaren izaera irekia da, interesa duten pilotari guztiek har dezakete parte”, dio Iker Amarika txapelketako zuzendari teknikoak. Promozio mailan bikotea osatuta emango dute izena interesdunek, eta lehen mailan, aldiz, pilotariak banaka inskribatuko dira. Kasu horretan, antolatzaileek osatuko dituzte bikoteak, “lehiaketari oreka eman asmoz”, diote. Iaz, jatorri ezberdinetako 100 pilotarik hartu zuen parte txapelketan, horietatik zortzi Hego Uribe eskualdeakoak (Galdakao, Usansolo eta Basauri).

Leire Etxaniz, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai pilotariak, Koldo Goioaga Galdakakoko kirol zinegotzia eta Jose Ramon Taranco Laboral Kutxako babesle arduraduna Bilbon, binakako txapelketaren aurkezpenean // Argazkia: Emakume Master Cup

Lehiaketa sistemari dagokionez, aurten berrikuntza bat izango du: lehen mailako txapelketan kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte lehen aldiz. Modu horretan, egun berean bi partida jokatu ordez, bakarra jokatuko dute pilotariek.

“Emakumen esku pilotaren loraldiaren ernamuina izan zen Emakume Master Cup, esperimentu moduko bat bezala jaio zen, baina gaur egun finkatuta dagoen egutegi bat lortu du”, dio Amarikak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak