→Galdakao

Lan-munduratzea errazteko 46 lagun kontratatuko dituzte Galdakaon

galdakao enplegu berdea 2018 burdin hesia ibilbideak berreskuratu

Enplegu-formazioa jasoko dute Galdakaoko 46 langabetuk eta lau proiektu gauzatuko dituzte urritik martxora bitartean. Udalak 810.000 euro bideratuko ditu.

Enlegu Berdea planaren baitan iaz kontratatutako taldea, Burdin Hesiko ibilbideak berreskuratzeko lanetan // Argazkia: Geuria

Enplegu-formazioa jasoko dute Galdakaoko 46 langabetuk eta lau proiektu gauzatuko dituzte: hiri-espazioen mantentze- eta apaintze-lanak, agente zibikoak, berdeguneen kontserbazioa eta mantentze-lanak eta multilaguntzako lantaldea

Galdakaok 46 langabetu kontratatuko ditu urritik aurrera lau proiektu ezberdin gauzatzeko: hiri-espazioen mantentze- eta apaintze-lanak (5 pertsona), agente zibikoak (15 pertsona), berdeguneen kontserbazioa eta mantentze-lanak (12 pertsona) eta multilaguntzako lantaldea -hiri-altzariak- (14 pertsona). Lan-kontratuak lanaldi osokoak izango dira eta sei hilabeteko iraupena izango dute, urriaren 1etik martxoaren 31ra. Besteak beste, bide eta eremu naturalen mantentze-lanetan; parkeak, eskola-inguruak eta ospitalea zaintzeko lanetan; hiri-espazioen mantentze- eta apaintze-lanetan; eta hiri-altzariak mantentzeko lanetan ibiliko dira kontratatutako pertsonak.

“Udalerri mailan enplegua sustatzeko jarduerekin aurrera jarraitzen dugu horrela. Lau proiektu hauek bi helburu dituzte: alde batetik, Galdakaon bizi garenon bizi-kalitatea hobetzea, udalerriko bideak eta eremu naturalak, hiri-espazioak eta -altzariak egoera ezin hobean mantenduz”, dio Fernando Izagirre alkateordeak.

galdakao enplegu plana 2018 aurkezpena

Fernando Izagirre alkateordea eta Txema Larrazabal zinegotzia Enplegu Planaren aurkezpean // Argazkia: Geuria

Galdakaoko Udalak sustatutako eta Lanbidek diruz lagundutako Enplegu Plan berriaren baitan kontratatuko dituzte 46 langabetu. Aurten 810.000 euro bideratuko ditu Udalak Enplegu Planerako, iaz baino 168.000 euro gehiago.

Lanbiden alta emanda

Kontratazioak Lanbideren bitartez egingo dira irailaren 1etik 25era bitartean. Beraz, langabezian daudenei eta lan-eskatzaile bezala izena emanda daudenei dago zuzenduta ekimen hau. “Lehentasuna emango zaie lan-munduan sartzeko zailtasunak dituztenei. Hala nola, 55 urtetik gorakoei eta emakumeei”, dio Txema Larrazabal enpleguko zinegotziak: “Ildo horretan, kontratuko direnen %50a baino gehiago emakumeak izango dira”.

1.462 langabetu Galdakaon

Lanbideren datuen arabera, 1.462 langabetu daude Galdakaon (%9,74): 866 emakume (%59,23) eta 595 gizon (%40,77). Adinari dagokionez, 45 urtetik gorakoen artean dago langabeziarik handiena (468 emakume -%32,01- eta 315 gizon -%21,55-) eta jarraian 25 eta 44 urte bitartekoen tartea (359 emakume -%24,56- eta 236 gizon -%16,14-) eta 25 urtetik beherakoena (39 emakume -%2,67- eta 45 gizon -%3,08-).

Galdakaoko langabezia-tasa Bizkaikoa (%12,64) eta Euskal Autonomia Erkidegokoa (%11,46) baino txikiagoa da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak