→Galdakao

Emakumeen Euskal Herriko Kopako finalerdia jokatuko dute Galdakaon Athleticek eta Eibarrek

Emakumeen Euskal Herria futbol Kopako finalerdiak jokatuko dituzte datorren astean Athleticek, Eibarrek, Realak eta Alavesek.

Athleticeko jokalariak iaz Euskal Herriko Koparekin // Argazkia: Euskal Herria Kirola

Emakumeen Euskal Herria futbol Kopako finalerdiak jokatuko dituzte datorren astean Athleticek, Eibarrek, Realak eta Alavesek. Maiatzaren 29an, asteazkenez, Athleticek eta Eibarrek jokatuko dute. Partidua Galdakaoko Santa Barbara zelaian izango da 19:30ean. Sarrerak 7 euroan egongo dira salgai, eta CD Galdakaoko bazkideak eta 14 urtetik beherakoak doan sartuko dira. Gogoratzearren, Galdakaoko hiru jokalari daude Athleticeko taldean: Ainhoa Alvarez, Jone Ibañez eta Marta Perea.

Beste finalaurrekoa, Reala eta Alaves taldeen artekoa, maiatzaren 28an, asteartez, izango da Arrasateko Mojategi zelaian 19:30ean. Bi finalaurrekoak maiatzaren 26an jokatzekoak ziren, baina atzeratu behar izan dituzte taldeen “bestelako konpromisoengatik”. Euskal Herria Kopako finala abuztuan jokatuko da, Azpeitiako Garmendipe zelaian.

Aurten Euskal Herria Kopako bederatzigarren edizioa da eta talde hauek jokatu dute txapelketa: Mulier, Berriozar, Oiartzun, Añorga, Genets, Aviron, Bizkerre, San Ignacio, Athletic, Eibar, Real eta Alaves. Euskal Herria Kopa Euskal Herria Kirola (EHK) erakundeak antolatzen du 2011tik.

Athletic eta Reala, finaletan beti

2011n Euskal Herria Kopako lehen edizioa martxan jarri zutenetik Athletic eta Real izan dira beti finaletara iritsi diren taldeak, zortzi alditan. Athletic zazpi aldiz izan da txapeldun (2011, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018) eta Realak behin lortu du Kopa (2012).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak