→Galdakao

Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako filma proiektatuko dute Galdakaon

Euskararen Nazioarteko Egunaren programazioaren barruan hainbat ekintza antolatu dituzte Galdakaon abenduaren 3an.

Joseba Sarrionandia 2016an, Kuban // Argazkia: ZuZeu

Euskararen Nazioarteko Egunaren programazioaren barruan hainbat ekintza antolatu dituzte Galdakaon abenduaren 3an, astelehenez. Besteak beste, goizean urtero egiten duten Mintzodromoa izango da Torrezabalen, musika-kalejira eta emanaldiak izango dira eta nabarmentzekoa izango da aurten Joseba Sarrionandia idazlearen obran oinarritutako Gure oroitzapenak filma proiektatuko dutela abenduaren 3an bertan Torrezabalen.

Dokumental horrek Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako 12 egilek Sarrionandiaren bizitzari eta lanari buruzko begirada jasotzen du. Sarrera doakoa izango da, baina interesdunak gonbidapenen bitartez sartu ahal izango dira aretora. Gonbidapenak Udaleko Hezkuntza eta Euskara Zerbitzuan, Torrezabaleko leihatilan edo Euskaraldiaren batzorde antolatzailearen bitartez jaso ahal izango dira.

Mintzodromoari dagokionez Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi Ikastolako 120 ikasle inguruk parte hartuko dute, baita Udal Euskaltegiko eta AEK Euskaltegiko ikasleak eta Berbalagun ekimeneko partaideak ere.

Euskararen Nazioarteko Eguna 2018 – Jarduerak

Abenduak 3, astelehena
10:00 V. Mintzodromoa Torrezabal Kultur Etxean
14:15 Hitzaldia DBHko ikasleentzat zuzenduta: La Basu
18:00 Ad Libitum txistu bandaren kalejira Torrezabaleraino. Bertan Musika Eskolako Gela Bereziko ikasleek entzunaldia eskainiko dute. Ondoren, Kantu Kolore taldearen ikuskizuna
19:30 Gaztaina erreak
20:00 Gure oroitzapenak dokumentalaren emanaldia Torrezabalen

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak