→Galdakao

Galdakaoko Gaztetxe berria hutsarazi eta sarrera tapiatu du Ertzaintzak

Galdakaoko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, Ertzaintza 17:30ak aldera gerturatu da gaur ere Gaztetxe berrira eta hustuarazi egin dute.

Gaztetxe berria tapiatu ondoren, asanblada egin dute Gazte Asanbladako kideek // Argazkia: Galdakaoko Gazte Asanblada

Galdakaoko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, Ertzaintza 17:30ak aldera gerturatu da gaur ere Gaztetxe berrira eta hutsarazi egin dute. “Barruan zeuden bi kide identifikatu eta kanporatuak izan dira. Kanpoaldean zeuden beste hainbat kide ere identifikatuak izan dira eta tentsio egoerak bizi izan dira”, azaldu dute Twitterren. Ondoren, espazio okupatuaren atea tapiatu du Ertzaintzak.

Atzoko hustutzearen aurrean, zenbait ekintza antolatu dituzte Gazte Asanbladatik: maiatzaren 8an 19:00etan kazerolada egingo dute Juan Baustista Uriarte eta Pontzi Zabala kaleen arteko bidegurutzean, maiatzaren 9an manifestazioa deitu dute 19:00etan udaletxetik hasita, eta maiatzaren 10ean Gaztetxearen aldeko kalejira egingo dute 20:30ean Santi Brouard plazatik.

Maiatzaren 4an, larunbatez, okupatu zuten Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek Jubilatuen Etxea izandakoa, Muguru plazan. Eta horren berri eman zuten astelehenean prentsaurreko baten bitartez. Era berean, Gaztetxe berria hartu eta egun beretik “identifikazioak eta mehatxuak” sufritu dituztela salatu zuten maiatzaren 6ko agerraldian.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak