→Galdakao

Gaztetxe berri bat irekitzeko “asmo irmoa” agertu dute Galdakaoko gazteek

Ortuondo Gaztetxea eraitsi eta bi urtera espazio berri bat okupatu dute Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek. Muguru plazan dago eta Jubilatuen Etxea zena da. Maiatzaren 4an, larunbatez, egin zuten publiko espazio hori hartuko zutela Gaztetxe berri bezala: “Galdakaon Gazte Egunean genbiltzala, publiko egin genuen urteetan erabilpenik gabe eta hutsik egon den espazioa askatu genuela”, adierazi dute gaur egin duten agerraldi publikoan. “Urteetan hutsik egon den espazio bat herriari itzultzeko eta bizitasunez betetzeko asmo irmoa daukagu. Gure proiektu propioak egikaritu, elkartasunean oinarritutako harremanak eraiki eta langile klasearen topagune izango den espazio bat sortuko dugu”.

Ildo horretan, aste honetan dinamika eta ekintza desberdinak burutuko dituztela azaldu dute: “Gaur pentsionistekin elkarlanean egon garen bezala, gurekin proiektu hau egikaritu nahi duen oro ongi etorria izango da espazio honetara. Beraz, hurrengo egunetan espaziora gerturatu eta zuon babesa adieraztera dei egin nahi zaituztegu. Era berean, egunero 20:00etan egingo den asanbladetara gonbidatu nahi zaituztegu”, diote.

Gazte Asanbladaren agerraldia Muguru plazan // Geuria

Identifikazio aginduak

Gaztetxe berria hartu eta egun beretik “identifikazioak eta mehatxuak” sufritu dituztela salatu dute gaurko agerraldian. “Larunbat gauean espazioaren jabea, Ertziantzaren laguntzarekin, agertu zen eta barruan jendea zegoela ikusterakoan alde egin zuten”, diote. “Atzo (igandea), aldiz, 09:00etan denuntzia jarrita zegoela notifikatzera zetozela, Ertzainek atea indarrez zabaltzeko saiakera egin zuten, baina ez zuten sartzea lortu. Hala ere, barruan zegoen kideetako bat identifikatu zuten”.

“Ondoren, 11:00etan, auzolanarekin jarraitu genuen: espazioa garbitu eta atontzen aritu ginen. Eguerdian Ertzaintza agertu zen berriz, espazio askean zeuden kide guztiak identifikatzeko aginduarekin. Ikusita barrutik ez zela inor aterako, espaziotik sartu edo irteten zen edozein pertsona identifikatuko zutela mehatxatu gintuzten. Arratsaldean, espazio askearen kanpoaldean asanblada irekian 30 pertsonatik gora geundela, hirugarren aldiz gerturatu ziren Ertzainak. Oraingo honetan ere, barruan geunden kideen identifikazio eske etorri ziren, eta bestela sartu zein irteten zen edozein kide identifikatuko zutela azaldu zuten. Une horretan, kanpoaldean zeuden bi kide identifikatu zituzten eta alde egin zuten”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak