→Galdakao

Mongolian adin txikikoentzako egoitza eraikitzeko diru bilketa jarri du martxan GBGE elkarteak

Dibertsitate funtzionala eta baliabiderik ez duten adin txikikoentzako eta euren gurasoentzako egoitza eraiki nahi du GBGE elkarteak Olgiy hirian, Mongolian.

100 oheko egoitza eraiki nahi dute dibertsitate funtzionala duten adin txikikoentzako // Argazkia: GBGE

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak proiektu berri bat abiarazi du Mongolian: dibertsitate funtzionala eta baliabiderik ez duten adin txikikoentzako egoitza eraiki nahi du elkarteak Olgiy hirian (Bayan Olgiy probintzia, Mongolia mendebaldea). “Gehienez 100 oheko egoitza eraiki nahi dugu eskolara joateko aukera gutxi duten umeak eta euren gurasoak bertan hartzeko. Izan ere, Olgiyn dibertsitate funtzionala duten umeentzako ikastetxe bat dago eta gure helburua izango da 300-500 kilometrotara landetan bizi direnek bertan ostatu hartzea, umeek eskola ondoan izango baitute”, dio Alvaro Saiz GBGEko arduradunak.

Uztailak hasieran GBGE elkarteko sei boluntariok Mongoliara bidaiatu zuten proiektua martxan jartzeko eta dagoeneko obrak hasi dituzte. Hala ere, dirua biltzeko crowfounding kanpaina zabaldu dute Kukumiku atarian. Proiektua faseka garatuko dute, eta lehenengo faserako gehienez 6.800 euro behar dituzte. “Jasoko dugun dirua obran erabili behar ditugun materialak erosteko izango da”, diote.

2012tik doa GBGE Mongoliara, desgaitasun fisikoa edota psikikoa duten bertako umeen egoera hobetzera. “Mongolian bizi direnen % 35a 18 urtetik beherakoak dira, eta horietatik % 9ak ezin du eskolara joan bi arrazoi nagusirengatik: alde betetik ez dagoelako desgaitasun fisikoren bat edo psikikoren bat duten umeentzako eskola nahikorik ezta baliabiderik, eta bestetik familia nomadetako umeek ezin dituztelako dozenaka kilometro egin eskolara joateko”, diote GBGEtik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak