→Galdakao

Ibaizabal Saskibaloi Taldeko neskek igoera faserako sailkapena lortu dute

galdakao saskibaloia euskal kopa fase finala 2017 ibaizabal 13

Ibaizabal Saskibaloi Taldeko LF-2 txapelketako neskek sailkapeneko lehen postua eskuratu dute eta igoera fasea jokatuko dute apirilean.

GDKO Ibaizabaleko neskak iazko Euskal Kopako fase finalean // Geuria

Ibaizabal Saskibaloi Taldeko LF-2 txapelketako neskek Lehen Mailarako igoera faserako sailkapena ziurtatu dute, martxoaren 17an Leongo Patatas Hijolusa taldea Urretan garaitu ondoren (59-58). Modu horretan, sailkapeneko lehen postua eskuratu dute galdakoztarrek eta igoera fasea jokatuko dute.

Horren harira, Ibaizabal Saskibaloi Taldeko zuzendaritzak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, Espainiako Saskibaloi Federazioan beren hautagaitza aurkeztu du, apirilaren 26tik 29ra jokatuko diren Emakumezkoen Ligako igoera faseko neurketak Galdakaon joka daitezen. Zortzi izango dira mailaz igotzeko lehian arituko diren taldeak, horietako bat GDKO Ibaizabal. Galdakaoko herriaz gain, Valentzia eta Gran Kanariak ere aurkeztu dute beraien hautagaitza. Apirilaren 3a baino lehen jakitera emango dute non jokatuko den igoera fasea.

Koldo Goioaga Kirol arloko zinegotziak dioenez, “aukera bikaina litzateke maila goreneko kirol ekintza bat gure herrira ekarteko eta modu horretan GDKO Ibaizabaleko emakumezkoen taldearen ibilbideari laguntzeko“.

Orain dela bost urte, Caceresen, GDKO Ibaizabal taldeak goreneko kategoriara igotzea lortu zuen eta gauza bera egin nahi du berriro ere. Era berean, 2016an Ibaizabaleko neskek igoera fasea jokatu zuten, baina ez zuten igoera lortu.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|