→Galdakao

Argazkiak | Gerra Zibileko biktimei omenaldia Galdakaon, bonbardaketen 82. urteurrenean

Maiatzaren 19an 82 urte bete dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Bonbardaketa horretan Plazakoetxeko babeslekuan zeuden 24 bizilagun hil zituzten eta beste ehunka hildako utzi zituen Gerra Zibilak Galdakaon. Gaur, maiatzak 20, biktima horiei omenaldia egin diete Plazakoetxen.

Maximo Moreno Abesbatzaren emanaldiarekin hasi da ekitaldia. Ondoren, Ibon Uribe Galdakaoko alkateak hartu du hitza eta 12:45ak aldera Dinamita fabrika zenaren (orain Maxam) sirena-hotsa berriro entzun da, 1937ko maiatzaren 19an entzun zen bezala. Jarraian Rosalia Morenok lerro batzuk irakurri ditu. Galdakaoko bonbardaketan senide batzuk galdu zituen Morenok. Urtero bezala, Andra Mari Dantza Taldeko kideek ohorezko aurreskua dantzatu eta gero, Plazakoetxen dagoen oroigarrian lore zuriak utzi dituzte bertaratutakoek.

Foru eta udal hauteskundeen atarian, ekitaldira gaur gerturatu direnen artean izan dira Galdakaoko Udaleko ordezkariak, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Amaia Betolaza Eusko Legebiltzarrean EAJko ordezkaria eta Julen Arzuaga Eusko Legebiltzarrean EH Bilduko ordezkaria. Hurrengo udal hauteskundeetan aurkeztuko diren ordezkari berriak ere izan dira omenaldian. Ekitaldia Andrea Arrizabalaga kazetari galdakoztarrak aurkeztu du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak