→Galdakao

Ghero antzezlana Galdakaora ekarriko du abenduan Tartean Teatroak

Tartean Teatroak Ghero antzezlana ekarriko du berriro Hego Uribe eskualdera. Udazkeneko datak iragarrita, abenduan Galdakaon taularatuko dute antzezlana.

Ghero antzezlaneko lantaldea // Argazkia: Tartean Teatroa

Tartean Teatroak Ghero antzezlana ekarriko du berriro Hego Uribe eskualdera. Udazkeneko datak iragarri berri ditu konpainiak eta abenduan Galdakaon taularatuko dute antzezlana. Hain zuzen ere, abenduaren 13an, ostiralez, izango da Ghero antzezlana Torrezabal Kultur Etxean. Duela lau hilabete, martxoaren 29an, Basauriko Social Antzokian aurkeztu zuten antzezlana.

Ghero: Azken euskalduna, Euskaltzaindia eta Tartean Teatoaren arteko elkarlanetik sortzen da, Akademiaren mendeurrenaren harira. Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia eta zuzendaritza Jokin Oregiren eskutik datorkigu. Oholtza gainean Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Ane Pikaza aktoreak arituko dira. Eskenografiaren diseinua Ana Garayk egin du eta Musikaren egilea Iñaki Salvador da.

3.000. urtean euskara egongo al da?

3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria. 3000. urtean euskara egongo al da?

Ghero, kondairen kondaira bat, euskararen biziraupen harrigarriari buruz. Ghero, hizkuntza baten bizirauteko amorrua. Ghero, bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat. Hizkuntz preindoeuropear txiki baten biziraupenaren mirariarekiko harridura, miresmena, nahasmena, konplizitatea… Bederatzi istorio, bederatzi antzerki poema, euskeraren planetaren inguruan orbitatzen. Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak