→Galdakao

“Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?”, A5ean galdakoztarrek erantzungo duten galdera

galdakao gure esku dago 2017 herri galdeketa galdera aurkezpena

Erabakitzeko eskubidearen aldeko kontsulta egingo dute azaroaren 5ean Galdakaon. 16 urtetik gorako 20.000 herritar inguru daude deituta galdeketara.

Urriaren 1ean aurkeztu zuten azaroaren 5eko galdera jendaurrean // Maider Ibañez

Erabakitzeko eskubidearen aldeko kontsulta egingo dute azaroaren 5ean. 16 urtetik gorako 20.000 herritar inguru daude deituta galdeketara. Eskualdean, Arrankudiagan eta Arrigorriagan dagoeneko egin dituzte galdeketak

Ekainaren bukaeran iragarri zuen Galdakaoko Gure Esku Dago taldeak azaroaren 5ean udalerrian herri-galdeketa egingo dela, 3.323 sinadura lortu ostean. Eta galdera zein izango den aurkeztu dute urriaren 1ean jendaurrean, irailaren 26ko asanblada irekian adostu eta gero: “Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?”. Hori izango da 16 urtetik gorako 20.000 galdakoztar inguruk erantzungo duten galdera. Zehaztea, Usansolon ez dela galdeketa azaroaren 5ean ospatuko.

Galdakaon gaur egun zinegotzi diren edo aurreko beste legegintzaldietan zinegotzi izan diren 60 herritarrek babestu dute azaroaren 5eko galdeketa. “Herri galdeketak tresna egokienak dira herritarren borondatea modu demokratikoan adierazteko eta erabakitzeko eskubidea egikaritzeko. Horregatik, azaroaren 5ean egingo den herri kontsultan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak”, diote Galdakaoko Gure Esku Dago taldetik.

Era berean, azaroaren 5ean Galdakaon egongo ez direnek ere botoa emateko aukera izango dute, boto aurreratuaren bitartez. Data hauek zehaztu dituzte: urriaren 23an Zamakoa 9 kaleko lokalean (18:00-20:30), urriaren 24an Aperribai Auzo Elkartearen lokalean (18:00-20:30), urriaren 25ean Araba 1 kalean (18:00-20:30), urriaren 26an Zamakoa 9ko lokalean (18:00-20:30), urriaren 27an Bizkai 97 kalean (18:00-20:30), urriaren 28an Lapurdi 1 eta Aperribai 17 kaleetan (11:30-14:00) eta urriaren 29an Bizkai 97 eta Zamakoa 9 kaleetan (11:30-14:00). Boto aurreratuarekin batera identifikazio-agiria eta horren fotokopia eman beharko ditu boto-emaileak.

Herri-kontsultak eskualdean

Apirilaren 2an Arrigorriagan erabakitze eskubidearen aldeko kontsulta burutu zuten. 16 urtetik gorako 10.263 herritar zeuden deituta bozkatzera eta parte hartzea %14,54koa izan zen. Guztira, 1.492 boto eman zituzten eta honakoa emaitza: boto-emaileen %91,15ak (1.360) baiezkoaren alde egin zuen eta %5,56ak (83) kontra. Zurizko botoak 45 izan ziren (%3,02) eta baliogabeak 4 (%0,27).

2014ko azaroaren 2an Arrankudiagan ere egin zuten euskal estatu subirano (independente) baten aldeko galdeketa. 815 hautesleetatik 502 herritarrek (%61,59) eman zuten botoa: 450 baiezko (%89,64), 13 ezezko (%2,58), 33 zuri (%6,57) eta 6 baliogabe (%1,19).

Gora