→Galdakao

Galdakaoko Gazte Mugimenduko hiru kide epaituko dituzte, usurpazio delitua egotzita

Galdakaoko Gazte Mugimenduko hiru kide epaituko dituzte ekainaren 20an, duela hilabete gaztetxe berri bat okupatzen saiatzeagatik.

Gaztetxe berriaren aldeko manifestazioa, maiatzaren 9an // Argazkia: Geuria

Galdakaoko Gazte Mugimenduko hiru kide epaituko dituzte ekainaren 20an, duela hilabete gaztetxe berri bat okupatzen saiatzeagatik. Usurpazio delitua egotzita epaituko dituzte hiru kideak. Gainera, beste kide bat deitu dute lekuko gisa. “Guztira hiru egunetan 6 kide identifikatu zituzten, eta horietatik bati Mozal Legea aplikatzeko mehatxua egin zioten”, diote Galdakaoko Gazte Mugimenduko kideek ohar bidez. Horren aurrean, ekainaren 19an kontzentrazioa deitu dute 19:30ean udaletxeko plazan, “alde batetik epaiketa salatzeko eta bestetik auziperatuei gure babesa helarazteko”, diote.

Galdakaoko Gazte Mugimenduko kideek gaztetxe berri bat okupatu zuten maiatzaren 4an, Gazte Egunean. Muguru plazako Jubilatuen Egoitza zena zen Gazte Mugimenduko kideek okupatu zutena, jabetza pribatukoa. “Gaztetxea martxan egon zen egunetan, jazarpen poliziala konstantea izan zen. Sartu eta irteten zen jende guztia identifikatua izango zirelarekin mehatxatu gintuzten. Baina honek ez gintuen beldurtu eta Gaztetxean burutuko zen egitarauarekin aurrera jarraitu genuen. Bitartean, jabearekin negoziatzeko saiakera egin genuen”, diote.

Gaztetxe berria hartu eta egun beretik “identifikazioak eta mehatxuak” sufritu zituztela salatu zuten maiatzaren 6an egin zuten agerraldi publikoan. Hain zuzen ere, hurrengo egunean, maiatzaren 7an, gaztetxe berria hutsarazi eta sarrera tapiatu zuen Ertzaintzak, eta egun horretan ere beste kide batzuk identifikatu zituzten: “Ertzaintzak Gaztetxera sartzeko saiakera egiten zuen bitartean, kanpoan zeuden bi kide identifikatuak izan ziren, bietako bateri gertatzen ari zena grabatzeagatik mozal legea aplikatu zitzaiola esanez. Handik gutxira, Ertzaintzaren brigada mobila agertu zen, desalojoa salatzen ari ziren kide batzuk bultzatuz eta tentsioa igoz. Azkenean, atea irekitzea lortu zuten eta barruan zeuden bi kideak kanporatu eta identifikatu egin zituzten”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak