→Galdakao

Errefusen bilketa asteko 5 egunetan egingo dute Galdakaoko industrialdean eta herri-periferian

galdakao hondakinen bilketa zerbitzu berria 2018 argazkia udala

Galdakaok hondakinen bilketa-zerbitzu berria abiaraziko du, eta zerbitzu berri honi esker hainbat hobekuntza ezarriko ditu Udalak.

Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakaok hondakinen bilketa-zerbitzu berria abiaraziko du, eta zerbitzu berri honi esker hainbat hobekuntza ezarriko ditu Udalak. Besteak beste, paper-kartoien eta errefusako edukiontzien bilketa sarriago egingo dute aurrerantzean, baita baserrialdeetako bilketa ere: paper-kartoien edukiontzien bilketari dagokionez, herrigunean asteko lau egunetan egingo dute eta industrialdean eta herri-periferian asteko bi egunetan; errefusako edukiontzien bilketa asteko bost egunetan egingo dute Galdakaoko industrialdean eta herri-periferian (lehen asteko hiru eta bi egunetan egiten zuten bilketa); eta baserrialdeetako bilketa asteko hiru egunetan egingo dute (lehen asteko bi egunetan).

Era berean, beste hobekuntza batzuk izango ditu bilketa-zerbitzuak. Aipatzekoak dira herriguneko bilketaren errefortzua jai egun jarraietan, eta edukiontzien baterietako bat optimizatu eta birbanatzeko lana, birziklatze-irlak sortzeko irizpidearekin. Irla hauek osatzeko ondoko hauek jarriko dituzte: 9 edukiontzi berri beira biltzeko eta 13 hori ontzi arinak biltzeko.

Saltokientzat ere hobekuntzak izango dira. Paper-kartoien atez ateko bilketa-zerbitzua bi egunez (astearte eta ostegunetan) izatetik hiru egunetara izango da orain (astelehen, asteazken eta ostiraletan). Gainera, zura, plastikoa edota poliestireno-poliespan enbalajeen bilketa-zerbitzua sarriago egingo dute, astelehenetik larunbatera, asteko sei egunetan (lehen, astelehenetik ostiralera zen). Berezitasun bezala, herritarrek zerbitzu hau erabil dezakete kartoizko kaxa handietarako, betiere 10:30ak baino lehen.

Diru publikoa aurreztea

Galdakaoko Udalak hondakinen edukiontzien berrikuntza amaitu du, errefusako 151 edukiontzi berri (gris kolorekoak) eta alboko kargako paper-kartoirako 111 edukiontzi berri (urdin kolorekoak) jarri ondoren. Hedapen horrekin diru publikoa aurreztuko du Udalak birziklatzea errazten delako, frakzio gehiago jasoz eta lehenago errefusaren edukiontzira iristen ziren hondakinen trataeragatik ordaintzen den kanonaren ordainketa murriztuz. Zerbitzu berria urteko 630.118 euroko prezioan adjudikatu du Udalak. Lau urteko kontratua da eta beste bi urtez luza daiteke.

Fernando Izagirre, Hirigintza Arloko zinegotziak, Aintzane Urkiza, Lan eta Zerbitzu Arloko zinegotziak, eta, Ruben Seoane, Ingurumen Arloko zinegotziak hedapen berri honek dituen hobekuntzak azaldu dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak