→Galdakao

Galdakaoko ibaiertzetatik 9,14 tona hondakin garbitu dituzte 2016tik

Martxoaren 23an Ibaizabaleko bazterretako hondakinak kentzeko eguna ospatuko dute, Puentelatorre parean.

Etxebarriko Institutuko ikasleak Nerbioiko ibaiertzea garbitzen, 2015ean // Argazkia: Udaltalde 21

Lurraldearen eta naturaren kudeaketa sustatzeko ildo estrategikoaren barruan, Nerbioi Ibaizabal eskualdean ibaiertzetatik hondakinak kentzeko ekimenak martxan jartzen ditu Udaltalde 21 Jasangarritasun Bulegoak. “2017an 14 jarduketa burutu genituen Nerbioi Ibaizabal eskualdeko ibaiertzetan eta guztira 22 tona hondakin bildu genituen”, dio Ainhoa Etxezarreta Udaltalde 21eko arduradunak: “Jaso diren hondakinen tipologiaren, neurriaren eta lekuaren arabera, ondoriozta daiteke kendu diren hondakinen % 80a gizakiak botatakoak direla eta gainerako % 20a euriteen ondorioz iritsitakoak direla”.

Galdakaoren kasuan, 2016tik 9,14 tona hondakin kendu dituzte Ibaizabal ibaitik: 5,14 tona obra-hondakinak, 3,40 tona tamaina handiko hondakinak eta 0,30 tona pneumatikoak eta ekipo elektronikoak bezalakoak. “Batik bat, Mercadillo eta Erletxes industria-guneetan egin izan ditugu garbiketak”, dio Ruben Seoane Galdakaoko Udaleko Jasangarritasun arloko zinegotziak.

Martxoaren 23an Puentelatorren

Galdakaoko Udalak, Udaltalde 21ek eta Brigdestone enpresak bultzatuta, martxoaren 23an Ibaizabaleko bazterretako hondakinak kentzeko eguna ospatuko dute. Ekimena Puentelatorre parean egingo da, Bekea ondoan, 11:00etatik aurrera. Urtarrilaren 26an egitekoa zen jarduketa hau, baina “aurreikusita zegoen eguraldi txarragatik eta boluntarioen segurtasunagatik” atzeratu zuten.

Ekimenean parte hartu nahi duenak izena eman behar du martxoaren 21a baino lehen. Interesdunek 946 712 699 telefono zenbakira deitu edo info@udaltalde21.eus helbide elektronikora idatzi behar dute.

Galdakaoko Udaleko, Bridgestoneko eta Udaltalde 21eko ordezkariak // Argazkia: Geuria

2017an ere Bridgestone enpresak, URA Agentziarekin lankidetzan, honen antzeko jardunaldia antolatu zuen. Langileek eta euren seme-alabek 24 zuhaitz eta 60 zuhaixka berri landatu zituzten Ibaizabaleko ertzetan, Basaurin. Egun horretako argazkiak hemen ikusgai.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak