→Galdakao

Emakumeen ordezkaritza politikoa hobetzeko jarduerak proposatu ditu Ibon Uribek Bruselan

Eudel erakundeko Berdintasuneko arduradun bezala izan da Ibon Uribe Galdakaoko alkatea Bruselan, emakumezko hautetsien ordezkaritza politikoa hobetzeko jarduerak proposatzeko.

Emakumezko hautetsien ordezkaritza politikoa hobetzeko jarduerak proposatu ditu Eudelek Bruselan // Argazkia: Galdakaoko Udala

Eudel erakundeko Berdintasuneko arduradun bezala izan da Ibon Uribe Galdakaoko alkatea Bruselan, Europako Eskualdeen Batzordeko bilera batean, urtarrilaren 21ean. Bertan udalerri eta eskualdeetako beste lider batzuekin batera, jardunbide egokien berri eman eta Europako udaletan zein eskualdeetako legebiltzarretan emakumezko hautetsien ordezkaritza politikoa hobetzeko jarduerak proposatu dituzte.

‘Europa emakumeentzat: emakumeen burujabetza hiri eta eskualdeetan’ saioan parte hartu du Uribek eta bertan tokiko politikari zein adituen gogoetak bildu dituzte. Horrekin, gomendioei buruzko dokumentu bat osatu nahi dute, otsailean Europako Udalerri eta Eskualdeen Komiteak (CMRE) izango duen hurrengo osoko bilkuraren baitan, hiri eta eskualdeetako 350 hautetsien artean banatzeko.

Eztabaidak oinarrizko bi galdera izan ditu ardatz: ‘Zeintzuk dira tokiko gobernuek burutu ditzaketen jarduerak emakumeen bizimodua hobetzeko asmoz?’ eta ‘Nola hobetu daiteke emakumeen ordezkaritza politikoa erabakiak hartzeari dagokionez?’.

Emakumeek botere politikoa eskuratzea

EUDELen eta CMREren ordezkariak oinarrizko hiru pausu eskaini ditu emakumeek botere politikoa eskuratu dezaten: alde batetik politikan sartzeko prest egotea, bestetik bizitza politikoan sartzeko bideak eskaintzea eta azkenik, botere politikoaren inguruneetara igotzeko bideak bermatzea. Gaur egun, emakumeen ordezkaritza politikoa Europan ez da % 50eko bataz bestekora heltzen (2015ean % 48,5).

“Arauetan izandako aldaketez gain, gizontasun-eredu berriak garatu behar ditugu berdintasuneranzko kultura-aldaketa sustatzeko”, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak: “Gaur egun, gizonok izaten gara botere handieneko arduretara heltzen garenok eta gehienbat gizonez osatuta egoten dira, esate baterako, Ogasuna, Ekonomia Garapena, Enplegua, Hiri Plangintza edota Kirolak”.

Ildo horretan, emakumeen autonomia garatzeko berezko espazioak “beharrezkoak” direla adierazi du Uribek Bruselan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan burututako hainbat ekimen aitzindariren berri eman du: Burujabetzarako Udal Eskola eta Basqueskola Udal Emakumezko Hautetsien Sarea (Eudelek eta Emakundek sustatutakoa). Era berean, Emakumenderen Gizonduz programa ere aurkeztu du Uribek Bruselan, “gizontasunaren eredu berriak eskaintzeko, emakumeak bazterrean uzten dituen gizontasun hegemonikoaren analisi kritikoaren bitartez”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak