→Galdakao

Galdakaoko 100 ikaslek 40 kilo plastiko jaso dituzte ikastetxe eta ibai inguruetan

Andra Mari, Bengoetxe, Eguzkibegi, Elexalde, Galdakao Helduen Heziketa eta Ostalaritza ikastetxeek ‘Ibai eta itsasoak zaindu. Stop plastikoak’ programa burutu dute.

Galdakaoko ikasleak plastikoak biltzen // Argazkia: Udaltalde 21

Andra Mari, Bengoetxe, Eguzkibegi, Elexalde, Galdakao Helduen Heziketa eta Ostalaritza ikastetxeek ‘Ibai eta itsasoak zaindu. Stop plastikoak’ programa burutu dute ikasturte honetan. Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan, helburua izan da ingurumenaren alde egitea eta plastikoen erabilera murriztea.

Zentzu horretan, hamaika ekintza egin dituzte sei ikastetxe horietan. Hala nola, kremak beira birziklagarrietan sartzea (Andra Mari BHI); hondakinen bizitza baliogarria luzatzea beste funtzio bat emanez (Bengoetxe BHI); kristalezko botilak eta pitxarrak erabiltzea ura kontsumitzeko (Ostalaritza Galdakao BHI); zabor edukiontziak erabiltzea barazkiak eta lorak landatzeko (Eguzkibegi Ikastola); patioko hondar-bilketa selektiboa egitea (Elexalde BHI) eta euritakoen oihalaz erosketako poltsak egitea (Galdakao Helduen Ikastetxea).

Halaber, Galdakaoko ikastetxeketako 100 ikaslek plastiko bilketa egin zuten otsailean ikastetxe eta ibai inguruetan, eta guztira 40 kilo plastiko inguru jaso zituzten. Gainera, Galdakaon plastikoaren arazoa zein den ezagutzeko galdetegia egin zuten. “Galdetutako herritarren gehiengoak ez daki 2050 urterako plastikoaren ekoizpenean eta birziklapenean ezer egiten ez bada, itsasoetan aurkituko den plastikoaren pisua, arrainen pisua baino handiago izatea aurrikusten dela”, diote: “Eta, gehiengoak ere ez daki plastikozko poltsa batek 400 urte behar dituela deskonposatzeko edota milioi bat plastiko botila ekoizten direla minutuko munduan (20.000 segundoko)”. Era berean, Stop plastikoak jardunaldi teknikoan ere parte hartu zuten, Gorka Menendez Baceta galdakoztarraren eskutik.

Plastikoa murrizteko konpromisoak

Stop plastikoak kanpainaren barruan, plastikoaren erabilera murrizteko konpromisoak hartu dituzte Galdakaoko ikasleek. Konpromiso horiek dira: plastikoa beti edukiontzi horietara botatzea; dedetan fruta soltea erostea; erabilpen bakarreko plastikoa ez erabiltzen saitzea; erosketak egiteko poltsa berrerabilgarriak erabiltzea; ikaskideei, familikoei eta lagunei honi buruzko informazioa transmititzea; eta kristalezko botilak eta tuperrak erabiltzea.

Konpromiso horiez gain, ikasleek Galdakaoko Udalari eskaera hauek egin dizkiote: alde batetik plastikoaren erabilera murrizteko informazio, sentiberatze eta kontzientziazio kanpainak bultzatzea; bestetik ontziak eta plastikoak botatzeko paperontzi eta edukiontzi gehiago ezartzea; eta azkenik ohialezko, paperezko eta poltsa biodegradagarriaen erabilera sustatzea.

Galdakaoko Eskolako Agenda 21 Foroa maiatzean, udal ordezkariekin // Argazkia: Galdakaoko Udala

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak