→Galdakao

Iñigo Hernando izango da EH Bilduren hautagaia Galdakaoko alkatetzarako

Galdakaoko EH Bilduk sare sozialetan zabaldu duenez, Iñigo Hernando izango da 2019ko udal hauteskundeetarako alkategaia.

Iñigo Hernando 2015eko hauteskunde kanpainan // Argazkia: EH Bildu Galdakao

Galdakaoko EH Bilduk sare sozialetan zabaldu duenez, Iñigo Hernando izango da 2019ko udal hauteskundeetarako alkategaia. Gaur egun zinegotzia da Galdakaoko Udalean, oposizioan. “Legealdi osoan EH Bilduren zinegotzia izan ostean, alkatetzarako hautagai aurkezteko ordua ailegatu zaidala erabaki dut. Uste dut Galdakaoko udal gobernua aldatu ahal dugula, eta EH Bildun hori lortzeko lan egiteko prest gaude”, dio. Hernandok 31 urte ditu eta Industria ingeniaria eta EHUko Ingeniaritza Eskolako ikertzailea da.

Orain arte oposizioko buru izan da Bea Ilardia, EH Bildu alderdian. Ilardia Foru Hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua izango da. EH Bilduren hautagaitzak urriaren 28ra arte aurkez zitezkeen eta Hernandok bere burua aurkeztu du alkategai izateko.

Hauteskunde zerrenda, martxoan

Galdakaoko EH Bilduren hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak proposatzeko eta izendatzeko prozesu parte-hartzailea 2019ko martxoan egingo dute. Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena emanda egotea (elkarrekin.ehbildu.eus).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak