→Galdakao

Irisgarritasunari eta diseinuari buruzko ebaluazioa egingo du Fekoor erakundeak Galdakaon

galdakao irisgarriak gara kanpaina 2018 fekoor

Ebaluatuko dituzten lokaletatik puntuazio onena dutenei irisgarritasunaren eta inklusioaren aldeko apostua aitortzeko egiaztagiria emango diete.

Juan Carlos Sola Fekoor erakundeko bozeramailea eta Ibon Uribe alkatea // Geuria

Ebaluatuko dituzten lokaletatik puntuazio onena dutenei irisgarritasunaren eta inklusioaren aldeko apostua aitortzeko egiaztagiria emango diete

Galdakaoko ostalaritza eta merkataritza establezimenduen irisgarritasuna ebaluatuko du Fekoor irabazi-asmorik gabeko erakundeak (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea), Irisgarriak Gara kanpainaren baitan.

Azterlana maiatzean zehar izango da eta mugikortasun murriztua duten eta ez duten herritarrek ebaluatuko dituzte udalerriko lokalak: “Irisgarritasun-baldintzak ebaluatuko ditugu zonaldeka, pertsona guztientzako irisgarritasun eta diseinu baldintzak betetzen dituzten antzemateko”, dio Juan Carlos Sola Fekoor erakundeko bozeramaileak: “Zentzu horretan, ebaluazioa ez da negatiboa izango, baizik eta irisgarritasun-baldintzak betetzen dituztenei errekonozimendua egitea”.

Irisgarriak Gara kanpaina era positiboan planteatzen da, inklusio eta irisgarritasun unibertsalaren arloan praktika onak aitortzeko. Herritarren sentsibilizazio eta mobilizazio kanpaina hau 2015ean jarri zen martxan, eta Bilbo Zazpi Kaleetan, Deustu eta Indautxu auzoetan, edo Barakaldon garatu izan da, ondoren Bizkaiko beste herri batzuetara ere zabaltzeko asmoarekin.

“Aniztasun funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna jendartearen erronka da eta ez du aurrera egingo pertsona guztiei aukera berberak ematen ez dizkiegun neurrian”, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak: “Era berean, kontuan hartu beharrekoa da gizartea zaharkitzen ari dela eta irisgarritasuna ere eurentzako garrantzistua dela oztopo barik mugitu ahal izateko”.

Emaitzak, ekainaren 7an

Lokalak ebaluatzen hasi dira dagoeneko mugikortasun murriztua duten eta ez duten pertsonek. Taldea 50 lagun inguruz osatuta dago eta maiatzaren 10ean landa-lana egiten hasi dira Galdakaoko ostalaritzako eta merkataritzako lokalen errealitatea ezagutzeko.

Ebaluazioaren emaitzak ekainaren 7an emango dituzte jakitera Torrezabal Kultur Etxean izango den ekitaldian. Jardunaldia 11:00etan hasiko da eta puntuazio onena izan duten lokalek irisgarritasunaren eta inklusioaren aldeko egiaztagiria jasoko dute.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|