☉ Galdakao
Galdakaoko Goitibera lasterketak 300 euro banatuko ditu
Galdakaoko jaien barruan, irailaren 15ean izango da Goitibera lasterketa. Parte hartu nahi duenak izena emateko epea zabalik du irailaren 12ra arte.
Irailaren 13tik 22ra bitartean ospatuko dira Galdakaoko jaiak, eta irailaren 15ean, igandez, izango da Goitibera lasterketa, uztailean aurreratu genuen bezala. Aurten, Jai Batzordeak antolatuko du lasterketa, iaz Legazpiko Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkarteak proba antolatu ondoren. Ligakoak, Galdakaoko egurrezkoak, kuadrillakoak edo norbanakoak kategoriak izango dira aurten.
Gauzak horrela, aurten ere Patakon Kultur Elkartearen esku egongo da Goitibera lasterketaren antolaketa. Proban parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dute irailaren 12ra arte. Interesdunek galdakaokopatakon@yahoo.es helbide elektronikora idatzi beharko dute izena emateko.
300 euro saritan
Patakon Kultur Elkarteak jakinarazi duenez, aurten 300 euro banatuko dituzte saritan. K-1 eta K-2 kategorietan hiru saritu egongo dira: lehenengoak 100 euro eta kopa jasoko ditu; bigarrenak 75 euro eta kopa; eta hirugarrenak 50 euro eta kopa. Era berean, arinerari kopa emango diote eta neska arinenari 75 euro gehi kopa.
Aurtengo probarako arauak Galdakaoko Udaleko Kultura Arloan edota galdakaokopatakon@yahoo.es helbide elektronikoan eskatu daitezke.
☉ Galdakao
Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak
Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.
Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.
“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.
Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.
Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.
☉ Galdakao
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan
Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.
“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.
Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.
☉ Galdakao
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua antolatu dute Galdakaon, bonbardeketen 87. urteurrenean
Ibilbide gidatuaz gain, maiatzaren 19an bertan ekitaldi nagusia antolatu dute Plazakoetxen. Gainera, maiatzaren 15ean Gurseko errefuxiatuen kanpamenduaren inguruko hitzaldia emango du Jabi Bilbaok
Maiatzaren 19an 87 urte beteko dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik, eta urtero bezala, ekitaldia antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogora elkarteak.
Ekitaldi nagusia Plazakoetxen izango da 13:00etan. Ohi bezala sirena hotsak entzungo dira eta lore-sortak utziko dituzte bonbardaketen memorialean.
Aurretik, 09:00etan ibilbide giudatua izango da Burdin Hesitik. Galdakao Gogora talde memorialistako kideen gidaritzapean, zazpi kilometro inguruko ibilbidea egingo da basotik, bertako lubaki, babesleku eta metrailadoreen habiak ikusiz eta horien inguruko azalpenak entzunaz.
Bestetik, maiatzak 15ean ‘Gurs: camp des basques’ hitzaldia eskainiko du Jabi Bilbao irakasle eta adituak. Hitzaldia 19:00etan izango da Torrezabalen.
Egitaraua / Galdakaoko bonbardaketak – 87 urte
Maiatzak 15, asteazkena
Hitzaldia: ‘Gurs: camp des basques’, Jabi Bilbao
19:00 Torrezabaleko erakusketa gela
Maiatzak 19, igandea
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua: 7 kilometroko ibilbidea basotik
09:00 Kurtzeko plazatik
Oroimen ekitaldia
13:00 Plazakoetxe
☉ Galdakao
Bideoa / Erlauntza handi bat agertu da Galdakaoko herrigunean
Hainbat erle erlauntza bat egiten agertu dira Galdakaon. Inocencio Goikuria Iturriotz galdakoztarrak Lapurdi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko zuhaitz batean erlauntza egiten zeuden momentuko irudiak publikatu ditu bere sare sozialetan.
Bideoarekin batera honakoa publikatu du Goikuriak: “Udaberriaren amaieran eta udan, erleen koloniak banatu egiten dira erlauntza berriak sortzeko. Jatorrizko erlauntza erle erregina gazte baten ardurapean geratuko da, eta kolonia berriro jendeztatu beharko du. Erle erregina zaharrena, berriz, erle langileen laguntzarekin leku berri baten bila aterako da. Erle erreginak, erle langileek eta zenbait zantarrek osatzen duten talde migratzaile honi erlauntza deitzen diogu”.
☉ Galdakao
Udaberriko Sormenek Amets Arzallus, La Basu, Aiko, Itxaso Paya eta Maria Rivero ekarriko ditu Galdakaora
Maiatzaren 16tik 19ra bitartean izango da Udaberriko Sormene Galdakaon, ‘Sortuz ahaldundu! Zazpi jauzi’ lemapean.
Booktuber ekitaldia, ikastetxeetako eta euskategietako ikasleen irakurtaldi jarraitua, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, musika eta antzerkia antolatu dituzte.
Gainera, Sormene abestiaren aurkezpena ere egingo dute. Hain zuzen ere, apirilean egitasmoari doinu propioa jartzeko lehiaketa abiarazi zuten eta maiatzaren 17an aurkeztuko dute Basoa tabernan.
Egitaraua / Udaberriko Sormene 2024
Maiatzak 16, osteguna
Booktuber ekitaldia
10:00 Maximo Moreno Musika Eskola
Maiatzak 17, ostirala
Ikastetxeen eta euskaltegien irakurtaldi jarraitua: ‘Miñan’ (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde)
10:00 Torrezabal Kultur Etxea
Hitzaldia eta mahai-ingurua: ‘Bidasoa 2018-2023’ Fermin Muguruzaren dokumentala. Alaine Aranburu eta Amets Arzallus
10:00 Torrezabal Kultur Etxea
Kontzertua: La Basu + Sormene abestiaren aurkezpena
21:00 Basoa taberna
Maiatzak 18, larunbata
Marta Velascoren instalazioa: Hitzen euria
+ Musika zuzenean: Carmen Santamaria (pianoa) + Natalia Sanchez (flauta)
12:00 Muguru parkea
Helduentzako tailerra eta erromeria: Aiko dantza taldea
18:00 Kurtzeko plaza
Maiatzak 19, igandea
Antzerki musikala: ‘eMcumeak’ (Itxaso Paya eta Maria Rivero)
19:00 Torrezabal Kultur Etxea