Sareak

☉ Galdakao

Tremenda Jauria, Eskean Kristo, Itziarren Semeak eta Oxabi, Galdakaoko jaietan

Herritarrek dagoeneko aukeratu dituzte aurtengo Galdakaoko 2019ko jaietako kontzertuak: Oxabi, Tremenda Jauria, Eskean Kristo eta Itziarren Semeak.

|

Argazkia: Tremenda Jauria

Irailaren 13tik 22ra bitartean ospatuko dira Galdakaoko jaiak. Jai egitaraua oraindik prestatzen ari dira, baina dagoeneko santakurtzetako kontzertuen berri eman dute. Oxabi, Tremenda Jauria, Eskean Kristo eta Itziarren Semeak igoko dira Ardanza parkeko eszenatokira aurtengo Galdakaoko jaietan.

Aurreko urteetan bezala, herritarrek aukeratu dituzte kontzertuak. Era berean, bigarren urtez jarraian Udalak kartelburu bat aukeratuko du irailaren 21ean jotzeko. Iaz El Drogas izan zen Udalak aukeratu zuena.

Galdakaokaoko jaiak 2019 – Kontzertuak

Irailak 13, ostirala. Oxabi (Ardanza parkean) + Oihan Vega (herriko plazan)
Irailak 14, larunbata. Tremenda Jauria
Irailak 20, ostirala. Eskean Kristö + Itziarren Semeak
Irailak 21, larunbata. Udalak aukeratutako taldea

☉ Galdakao

Bertan behera Galdakaoko kale garbiketan astelehenetik aurrera aurreikusita zegoen greba

Bi urteko akordioa sinatu dute sindikatuak eta enpresak, eta Galdakaoko Udala bitartekari lanetan aritu da

|

Galdakaoko kale garbikuntzan bi asteko greba deitua zuen ELA sindikatuak datorren astelehenetik aurrera. Sindikatuko ordezkariek adierazi zutenaren arabera, urtebete baino gehiago zeramaten Andra Mari aldi baterako enpresa-elkartearekin (Enviser eta Serkom enpresek osatua) hitzarmena negoziatzen, emaitzik gabe.

Gauzak horrela, eta enpresak KPIa baino soldata eguneratze askoz txikiagoak eskaintzen zituela ikusita, datorren apirilaren 15ean hasi behar zuten greba enpresako 33 langileek.

Gaurkoan, baina, eta Udalak jakitera eman duen lez, bi urterako akordioa erdietsi dute enpresak eta sindikatuak, “udalaren bitartekaritza lanarekin”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Udalekuetan 560 plaza eskainiko dituzte: izena ematea zabaldu dute

|

Artxiboko irudia // Galdakaoko Udala

Uztailaren 1ean emango dio hasiera Galdakaok Udaleku denboraldiari. Oraindik hiru hilabete falta dira, baina Udalak izena emateko epea zabalduko du apirilean.

Guztira 560 plaza eskainiko dituzte Aperribaiko, Urretako eta Gandasegiko Udalekuetan, 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta (2013ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek).

Izena ematea apirilaren 10etik 21era bitartean izango da. “Plazak izen-emate dataren hurrenkeraren arabera onartuko dira, eta lehentasuna izango dute gure udalerrian erroldatuta dauden haurrek”, diote udal ordezkariek. Izen-emateak www.galdakao.eus webgunearen bitartez egingo dira. “Nolanahi ere, laguntza behar izanez gero, hitzordua eskatu ahal izango da Galdakaoko Udaleko Euskara Arloaren telefonora deituta: 944 010 540”, diote.

Hiru txandatan eman ahalko da izena: lehena uztailaren 1etik 12ra izango da, bigarrena uztailaren 15etik 26ra, eta aldi osoa uztailaren 1etik 26ra arte.

“Gurasoei lana eta familiaren zaintza bateragarri egitea errazteko asmoz, aurten ere jantoki zerbitzurako aukera egongo da, eta haurrak utzi eta jasotzeko ordutegi malgua izango da. Beraz, ordutegi osoa 08:30etik 15:30era luzatzeko aukera izango da”, diote Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Sormene egitasmoaren doinua izango den kanta aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute Galdakaon

|

Gotzon Barandiaran, Sormeneko arduraduna // Geuria

Sormene egitasmoak kanta propioa izango du. Oraindik, ordea, ez dago sortuta, eta horregatik kanta aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute.

Galdakaoko musikariek edo partaideen artean galdakoztarrak dituzten taldeek aurkeztu ahal izango dituzte haien proposamenak apirilaren 8tik maiatzaren 6ra bitartean.

“Kantak Sormeneren izaera transmititu behar du, zer den eta herritarrontzat duen balioa; euskal sortzaileen lana sustatzea eta erakustea jomugan duenez, kanta euskaraz izan behar da, edozein estilotakoa eta 2-3 minutu bitarteko iraupena izan behar du”, diote egitasmoko arduradunek.

Interesatuek sormenegaldakao@gmail.com helbidera bidali beharko dute grabaketa edozein formatutan eta txostentxo bat honako informazioarekin: abestiaren letra idatzia, erabilitako instrumentuak eta zuzenekorako beharrizan teknikoak (mikroak, bozgorailuak, aulkiak, atrilak…).

Galdakaoko artista profesionalek osatutako epaimahai batek aurre ebaluazio bat egingo du, eta lehiaketa bera maiatzaren 17an izango da Elexaldeko Basoa tabernan 21:00etatik aurrera.

“Aurkeztu diren artista guztiek zuzenean interpretatuko dute haien proposamena eta azken deliberazioa egin ondoren jakinaraziko du erabakia epaimahaiak”, diote. Aukeratutako artistak abesti baten grabaketa profesionala jasoko du saritzat.

Lehiaketa Udaberriko Sormeneren egitarauaren barruan antolatu dute. Izan ere, Udaberriko Sormene maiatzaren 16tik 18ra bitartean izango da. “Programa itxi gabe dago oraindik, baina bitartean lehiaketa martxan dago”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Txakurrentzako 550 metro kuadroko gune berria egokitu dute Berezikoetxen, Galdakaon

|

Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan egokitu dute txakurrentzako gune berria // Galdakaoko Udala

Txakurrak solte ibiltzeko gune berria egokitu du Galdakaoko Udalak Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan.

Gune berriak 550 metro kuadroko azalera du eta txakurrak eta euren jabeak eroso egon daitezen egokitzapenak egin ditu Udalak.

“Gunea hesi batek babestuta dago eta txakurren sartu irtenak seguruago egiteko ate bikoitza jarri dugu. Farolak, aulkiak, paperontzia eta txakurrentzako zein pertsonentzako bi altuerako iturria ere jarri dugu”, diote udal arduradunek.

Era berean, zuhaitzak landatu dituzte, “gerizpea ere egon dadin”. Eta aulkiak dauden eremuan lurzorua zementuzkoa da, “jabeen erosotasuna eta garbitasuna bermatzeko”, diote Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko kale garbikuntzan bi asteko greba deitu du ELA sindikatuak

|

Greba apirilaren 15etik aurrera deitu du ELA sindikatuak // Artxiboko irudia: Galdakaoko Udala

Galdakaoko kale garbikuntzan bi asteko greba deitu du apirilean ELA sindikatuak. Sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, urtebete baino gehiago daramate Andra Mari aldi baterako enpresa-elkartearekin (Enviser eta Serkom enpresek osatua) hitzarmena negoziatzen, eta momentuz hobekuntzarik lortu ez dutela salatu dute.

“Enpresak KPIa baino soldata eguneratze askoz txikiagoak eskaintzen ditu, eta negoziazioa ahalik eta gehien atzeratzen saiatzen ari da”, salatu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Gauzak horrela, “langileen erosteko ahalmena defendatzeko asmoz eta negoziazioa blokeatuta dagoenez”, apirilaren 15etik aurrera bi asteko greba deitu du sindikatuak. Galdakaon 33 langile dira guztira.

Era berean, Galdakaoko Udalari, zerbitzuaren kontratatzaileari, bitartekari lanak egiteko eskatu dio ELA sindikatuak, langileei KPIren araberako soldatak bermatzeko.

Osorik irakurri